Albistea
Genero indarkeriaren kontrako Bermeoko Koordinazio mahaiaren bilera egin zen asteartean, urtarrilaren 27an, Bermeon. Koordinazio Mahaia 2011. urtean jarri zen martxan eta mahai honen bitartez 2012ko martxoan genero indarkeriaren kontrako protokoloa sinatu zen. Koordinazio mahaiaren eta protokoloaren helburua da profesionalen arteko koordinazio maila egokia lortzea, genero indarkeria sufritzen dutenei ahalik eta arretarik onena emateko.
Protokoloa Osakidetzak, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuak, eta Eusko Jaurlaritzako Genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko zuzendaritzak sinatu zuten eta koordinazio mahaian parte hartzen dute Osakidetzak, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuak.
Asteartean egindako bileran Bermeon genero indarkeriaren egoeraren azterketa eta jarraipena egin dute. “Mahaiaren bileran argi gelditu da elkarlana askoz ere eraginkorragoa dela emakumearen kontrako biolentziari aurre egiteko, asistentzia hobetu da, deribazioen koordinazioa ere bai eta baliabideak optimizatu dira”, azaldu du.
Izan ere, 2014an Bermeon emakumearen kontrako biolentziaren 22 kasu erantzun dituzte mahaia osatzen duten erakundeek, 2013an baino %35 gutxiago. “Protokoloa eta, hortaz, elkarlana, tresna operatiboa eta baliogarria dela uste dugu genero indarkeriaren biktimei arretarik onena emateko eta biolentzia honen kontra egiteko eta horrela hasitako bidean jarraituko dugu lanean”, azpimarratu du.
010 (94 617 91 00)