Albistea
Maiatzaren 5ean, zapatuan, irakurleen txokoaren saio berezia izango dugu Bermeon; izan ere, Nola heldu naiz ni honaino liburuari buruz hitz egiteko Kattalin Miner idazlearekin bazkari-solasaldia izango baita.
Nola heldu naiz ni honaino liburuaren protagonista Jezabel da. Enpresan maila eta soldata igotzea, herentzia bat jasotzea, etxe bat erosi ahal izatea, lagun ugari edukitzea… arrakastaren laukitxo guztiak beteak ditu Jezabelek, argi du zer nahi duen bizitzan eta zirt-zart hartu ohi ditu erabakiak. Halako batean, ordea, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da.
Emakume gazte baten nora eza darabil Kattalin Minerrek gure gizarteko hainbat gai giltzarri jorratzeko: familia eta bikote ereduak, heteroaraua, harreman batean bilatzen duguna… Nortasunez beteriko lehenengo eleberria, irakurlearen gogoa astindu eta zer pentsatu emango diona.
Hortaz, Kattalin Minerrekin bere liburuaz zuzenean berba egiteko aukera ezin hobea eskainiko du irakurleen txokoak. Parte hartu nahi duenak Liburutegian eskatu behar du liburua eta ordurako irakurri. Hitzordua, maiatzaren 5ean, zapatuan, eguerdian, da. Bermeoko udal Liburutegian ordua eta tokiari buruzko informazioa emango zaie interesa dutenei.
010 (94 617 91 00)