Albistea
Bermeon, 2023ko azaroaren 21ean.- Bermeoko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak martxan jarritako Aukerak Suspertzen programa bultzatzen jarraituko du boluntario gehiago erakarri asmoz. Aipatu programa hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak izan eta gizarte-desabantailako egoeran dauden Lehen edo Bigarren Hezkuntzako adingabeei zuzenduta dago. Udalerrian egoera zaurgarrian dauden ume gehiagori laguntza eskaini ahal izateko, programa honek boluntario gehiago behar ditu, bertoko sare komunitarioaren aktibazioa indartu aldera.
“Hezkuntza-prozesuarekin aurrera jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleentzat egitasmo hau ezinbestekoa da. Udalerrian zerbitzu honen beharra geroz eta premiazkoagoa da, hori horrela pertsona boluntario gehiago behar ditugu herriko ume gehiagori laguntza eskaini ahal izateko”, adierazi du Gizarte Ongizatea Saileko zinegotziak Endika Etxebarria Telleriak.
Izan ere, egun, 4 boluntario ari dira hiru taldetan banatutako 12 umeri beharrezko laguntza eskaintzen. Boluntariotza zerbitzua asteko egun ezberdinetan burutzen da, alegia, asteazken, ostegun eta ostiraletan, 16:30etatik aurrera. Eskolako lanak egitera, gaitasun digitalen edota linguistikoen garapenera eta ikasteko tekniken ikaskuntzan dauden beharrak asetzera bideratuta dago programa. Gainera, modu osagarrian familiekin lan egiten da, horrela hauek ere seme-alabei laguntzeko gaitasunak garatu ahal izateko. Boluntarioak hezkuntza-laguntza gauzatzeaz arduratzen dira, ume bakoitzaren beharrak identifikatuz.
Boluntario izan nahi baduzu harremanetan jartzeko:
- Emaila: aukeraksuspertzen@agintzari.eus
- Telefonoa: 688 76 54 05
010 (94 617 91 00)