Albistea
Bermeoko azoka abenduko bariku arratsaldeetan irekita egongo da, eta horrela abenduaren 9an, 16an, 23an eta 30ean, pertsona guztiek plazara joateko aukera izango dute arratsaldean ere bai, 17:00etatik 20:00etara, hain zuzen ere.
Abenduko bariku arratsaldeetan azokako saltokiek euren kalitatezko bertoko produktuak eskainiko dituzte, baina, horrez gain, aipatutako bariku arratsaldeetan eskaintza berezia ere izango da Bermeoko plazan; izan ere, Gabonetako lorak izango ditugu, eta txokolate beroa eta bertoko zerbeza artisauak dastatzeko aukera egongo da giro paregabean.
Horrez gain, truke festa ere egingo da abenduaren 9, 16, 23 eta 30eko arratsaldeetan. Plaza erdiko mostradoreak trukerako erabili ahal izango dira, eta bertan arropak edo/eta tresna bereziak, besteak beste, elkar trukatu ahal izango dira. “Dudarik gabe, lagun ezkutuarentzat zeozer originala topatzeko aukera paregabea, dirurik barik ere opari handiak egin ahal direlako!”, esan dute antolatzaileek.
Elkartasuna
Baina elkartasunak ere bere tokia izango du, abenduaren 9an eta 16an, arratsaldean, Bermeoko azokan Katea Sarea elkarteak eta Bermeoko Gurutz Gorriak opari berrien bilketa egingo dutelako.
Bermeoko Azoka Elkarteak eta Bermeoko Udalak adierazi dutenez, abenduetako bariku arratsaldeetan irekita, Bermeoko plaza indartu nahi da, eta sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu, sasoiko produktuak kontsumitzea gure inguruko baserritarren onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen duelako.
Hortaz, pertsona guztiak gonbidatu dituzte abenduko barikuetan Bermeoko azokara etortzera balio erantsia duten gure produktuak eskuratzeko. Azokak parking zerbitzua ere duela gogoratu dute, eta azokako saltokietan erosketak egiterakoan bezeroek aparkalekurako deskontuak jasotzen dituztela.
010 (94 617 91 00)