Albistea
HAZILAN programari hasiera eman dio Bermeoaldeko Behargintzak eskualdeko 20 gazteren parte hartzearekin. Hazilanen helburu nagusia 20-35 urte bitarteko gazteei laneratzen laguntzea. Horrela, Goi mailako ikasketak dituzten (goi mailako Lanbide heziketako ikasketak, diplomaturak, lizentziaturak….) eta bere ikasketekin bat datorren esperientziarik ez duten 20-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.
Bermeoaldeko Behargintzan parte hartzen ari diren gazteak profil ezberdinetakoak dira, besteak beste, psikologoak, arkitektoak, filosofoak eta ingeniariak.
Irune Ormaetxeak, Sustapen Ekonomikorako zinegotziak, azaldu duenez, Hazilan programa “Aktibatu” fasearekin hasten da, “parte-hartzaileengan enpresa-jarduera edo enpresa- proiektuak gauzatzeko behar diren gaitasunak sustatzeko: motibazioa, erantzukizuna, helburuak kudeatzeko gaitasuna eta komunikazioa”. “Helburua da pertsonak prestakuntza pertsonalizatuaren bidez eta ‘coach’ baten laguntzaren bidez aktibatzea”, azpimarratu du.
“Aktibatu fasearen bidez, parte hartzaileak motibatuak, eta enpresa-proiektuarekin oso identifikatuta egongo dira”, gaineratu du.
Fase hau bukatu ostean, praktiken momentua helduko da, “Kokatu” fasea, hain zuzen ere. Praktikak 3-6 hilabeteko iraupena izango dute eta eskualdeko enpresetan izango dira.
Hazilan proiektuak enpresen premia errealen identifikazioa du oinarri. Premia horien arabera, pertsona kualifikatu batzuk hautatu eta baliabideak eta prestakuntza jasotzen dute, enpresa-proiektuarekin motibatuta eta inplikatuta egongo den talde batean sartzeko beharrezkoak direnak.
Hazilanek metodologia berritzailea dakar, gaitasun pertsonalen eta enpresa-proiektuaren araberako ibilbide pertsonalizatu batekin. Batetik, konpetentzia pertsonalak eta profesionalak lantzen dira eta, bestetik, aukera eskaintzen da lanpostuari lotutako prestakuntza espezializatua jasotzeko, enpresan praktikak egiteko edota enpresako proiektuak garatzen parte hartzeko.
Ekintza hau HAZILAN proiektuaren baitan egin da Euskal Herriko 2014-2020 Programa Operatiboaren bidez. Proiektu horren finantziaziorako funtsen %50a Bermeoko Udalak jarri du eta gainerako %50a Europako Gizarte Funtsak, EGIF-ek, eman du. GARAPENek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) koordinatzen du.
010 (94 617 91 00)