Albistea
Busturialdeko udalek, Behargintza eta Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenaren bidez, Lanbideko dirulaguntza lortu dute udal kontratazioak egiteko. Oraingoan, Lanbidek Ibili Ibilian Busturialdean izeneko proiektuaren barruan eman du dirulaguntza, 10 kontratazio egiteko. Lanbidetik jasotako dirulaguntza 125.000 eurokoa da, 12.500 euro kontratu bakoitzeko.
Hain zuzen ere, bederatzi peoi eta koordinatzaile bat kontratatuko dira. Peoiak Busturialdetik ibiliko dira lanean. Hiruko taldeak sortuko dira, eta talde bakoitza eskualdeko herri batera joango da. Hurrengoak izango dira egin beharreko lanak: herri-bideen mantentze lanak sasiak garbitzeko makina erabiliz, herri-altzariak margotu, herri-altzariak konpondu… herri bakoitzaren beharrizanen arabera lan egingo dute.
Koordinatzailearen ardura izango da, basogintza-peoi taldearen zuzendaritza, organizazioa eta kudeaketa. Busturialdea osatzen duten 20 udalerrietako lanak koordinatu eta kudeatu beharko ditu, eta udal bakoitzarekin adostu beharko ditu egutegia eta lanak egiteko beharrezkoak diren materialak. Lanpostuek Arratzun izango dute egoitza, eta handik irtengo dira beste herri batzuetara.
Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzatik azaldu dutenez, kontratuak lau hilabeterako izango dira, lanaldi osoan eta Bermeoko Udalak egindakoak. Lanpostuen lan-eskaintzak Lanbideko webgunean (www.lanbide.euskadi.eus) daude ikusgai, eta bertan eman behar da izena; urriak 25 (barikua) izango da horretarako azken eguna. Lan eskaintzetan argitzen dira bete beharreko baldintzak.
010 (94 617 91 00)