Albisteak

Albistea

XXI. Arrain Azokak bere helburuak bete ditu eguraldi txarrari aurre eginez

Bermeoko alkatea eta Bermeoko Arrain Azokako Elkarteko lehendakaria den Idurre Bidegurenek adierazi duenez, “eguraldi txarrari aurre eginez”, joan den asteburuan izan den Bermeoko XXI. Arrain Azokak “bere helburuak bete ditu” eta, “aurten ere, Bermeon arrantza munduak utzitako ondarea zabaldu du, arrain kontsumoa eta kontserba industria bultzatu ditu eta herrian jai giro izugarria izan dugu”.   

“Eguraldi lanbroa dela eta, barikuan jende gutxiagok parte hartu du Arrain Azokan, baina zapatuan eta domekan giro izugarria izan dugu herrian eta erakusleek euren helburuak bete dituzte, izan ere, eguraldiak erakusle gehienen salmentetan ez du ezetariko eraginik izan, are gehiago, erakusle batzuek inoiz baino salmenta hobeagoak izan dituzte”, adierazi du.

Idurre Bidegurenek, euria dela eta, Musika Eskolako konbo kontzertua eta itsas irtenaldiak Hegaluze itsasontzian bertan behera gelditu zirela adierazi du.  “Aita Guria baleontzian aurreikusita zegoen antzerkia gune didaktikora mugitu zen eta asko izan ziren ikuskizunean parte hartu zuten umeak”, gaineratu du.

Ekintza gehienak “oso arrakastatsuak” izan zirela adierazi du. Ekimen arrakastatsuenen artean gune didaktikoko ogibideen tailerra eta  gaztetxoei zuzendutako tailerrak aipatu ditu eta baita ere umeen artean arrain kontsumoa bultzatzea helburu izan duten familian sukaldaritza zuzenean ekimena eta zentzumen tailerrak.

Bokartaren tratamenduaren eta ezaugarrien erakusketa ikustera ere pertsona asko hurbildu zirela aipatu du eta barikuan Arrantzalen Museoan eskainitako hitzaldiak ere pertsona asko erakarri zituen. “Mater itsasontziak ere bisita pila hartu ditu eta pertsona asko izan dira Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriaren tailerra eta erakusketara hurbildu direnak eta interesa agertu dutenak”, nabarmendu du.

Ildo berean, habaneren ekitaldia, “urtero bezala, oso jendetsua” izan zela eta “harrera oso ona” izan zuela azaldu du, eta batelen estropadak Arrain Azokan ere “giro oso polita” sortu zuela eta aurten iaz baino talde gehiagok parte hartu zutela  azpimarratu du. “Saltillo Eskola itsasontzia ere larunbatean porturatu zen, eta bere presentziak portua nolabait jantzi izan du eta Azokaren eskaintza aberastu”, gaineratu du. 

Ildo berean, bere esanetan, “arrakasta handia izan du ere aurten berrikuntza izan den terraza stand-ak eta bertatik salmenta asko bideratu dira stand ezberdinetara”. “Horrez gain, aurten eskaini diren kontserba loteak ere oso harrera ona izan dute”, gaineratu du.  

Bestalde, Bidegurenen esanetan, “talde kulturalek ere asko animatu zuten herria, giro paregabea sortuz Bermeon”.

“Orain, parte-hartzaileen hobekuntzarako proposamenak jasota, datorren urteko Arrain Azokaren antolakuntza prestatzen hasiko gara, aurton ere, urtero bezala, jendearen erantzuna bikaina izan delako eta herrian izandako giroa eta mugimenduak Bermeo biztu egiten duelako”, nabarmendu du

Azkenik, babesle, laguntzaile eta parte hartu izan duten boluntario eta elkarte guztiei Arrain Azoka Elkartearen eskerrik beroena eman die Idurre Bidegurenek.

18 / 05 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0