Albistea
Umeentzako jolas gune estalia izan da herritarrek aukeratutako proiektua Bermeoko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren barne; izan ere, puntu gehien jaso duen proiektua izan da, 1.219, hain zuzen ere. Horrela, orain, beharrizan horri erantzun egokiena emateko, udal teknikariak proiektuak lantzen dabiltza (kokapen egokiak, estalki motak, zabu tipoak…), eta horiek herritarren parte hartzearekin urrian baloratzea aurreikusten da.
Horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta Jon Goikoleak Bermeoko Guzan taldeko zinegotziak. Bidegurenek gogoratu duenez, Udalaren helburu estrategiko bat da kultura parte-hartzailea bultzatzea. “Epe luzeko helburua da eta apurka apurka gero eta kalitate hobeagoko partaidetza prozesuak martxan jartzeko ahalegina egiten gabiltza”, gaineratu du.
Horrela, azaldu duenez, apirilean, “herritarrak aurrekontuetan parte hartzeko lehen saiakera martxan jarri genuen, eta Udalak parte-hartze prozesua ireki zuen herritarrek aurrekontuetako 200.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko”. Prozesu horren lehen pausoa herritarren proposamenak jasotzea izan zen. Horrez gain, batzar bat egin zen herritarrek proposamen komunak landu eta aurkeztu ahal izateko.
Prozesu horren barne, 103 proposamen aurkeztu zituzten herritarrek, eta Udaleko teknikariek proiektu horietatik bideragarriak aukeratu zituzten, 46, hain zuzen ere, 19 taldetan sailkatu zirenak. Ondoren, herritarrek 19 proposamenen artean bozkatzeko aukera izan zuten, eta, gaur, bozketa horren emaitzak aurkeztu dituzte prentsaurrekoan.
Puntu gehien lortu duen proiektua umeentzako jolas gune estalia izan da, 1.219 punturekin, hain zuzen ere. Bigarrena Sancti Spiritus Zaharren egoitzako konponketa lanak izan dira, 769 punturekin; eta hirugarrena korrika egiteko zirkuitua, 605ekin. Ondoren, Tala eta Aritzatxu arteko oinezkoen bidea egokitzea (355) eta kiroldegiko fitness gimnasioa handitzea (345), besteak beste.
Bidegurenek azpimarratu duenez, parte-hartze prozesua hasi aurretik esan bezala, bozketako emaitzak lotesleak dira Bermeoko Udalarentzat, eta boto gehien lortu duen proiektua gauzatu egingo da, hau da, umeentzako jolas gune estalia.
Hortaz, orain udal teknikariek umeentzako jolas gune estalia egiteko hainbat aukera aztertzen ari dira (kokapen egokiak, estalki motak, zabu tipoak…), eta aukera horiek guztiak urrian herritarrekin aztertzea aurreikusten da, eta proiekturik egokiena urte amaierarako martxan jartzea espero da.
Bidegurenek eta Goikoleak “prozesuan herritarrek izandako inplikazioaren garrantzia” azpimarratu dute; izan ere, herritarrek 103 proposamen egin dituzte eta bozketan 1.000 herritar inguruk parte hartu dute. Parte-hartze prozesua Guzan eta Udal gobernuak elkarlanean garatu dute; euren arteko akordio baten emaitza baita. “Parte-hartze prozesu hauek Bermeo guztion artean eraikitzea ahalbideratzen dute”, nabarmendu dute.
“Ekimen horri esker, alde batetik, herritarrek aurrekontuen zati bat nora bideratu erabakitzea ahalbideratu dugu; eta, bestalde, herritarren beharrizan eta lehentasunei buruzko informazioa jaso dugu. Horregatik guztiagatik, oso positiboa izan da aurrekontu parte-hartzaileen prozesua”, adierazi dute.
010 (94 617 91 00)