Albisteak

Albistea

Familian sukaldaritza zuzenean, Albaola proiektua eta kontserba produktu loteak, besteak beste, Bermeoko XXI. Arrain Azokan

Umeen artean arrainaren kontsumoa bultzatzea helburu duen XXI. Arrain Azokaren leloa ‘Arrainari gustua hartzen” izango da

Maiatzaren 15, 16 eta 17an egingo den Bermeoko Arrain Azoka 21 urte betetzen ditu eta aurten ‘Arrainari gustua hartzen” izango da bere leloa, izan ere, umeen artean arrainaren kontsumoa bultzatzea da XXI. Arrain Azokaren helburuetariko ba. Horrela,  besteak beste,  familian sukaldaritza zuzenean ekimena izango dugu, familian arraina era erakargarrian eta errezean prestatzen erakutsiko duena. Horrez gain, aurten nobedade moduan Bermeoko kontserba enpresen hainbat produktu lote eskuratu ahal izango dira eta gure historia eta tradizioak ezagutzeko Pasaiako Albaola Itsas Kultur faktorian San Juan baleontzia eraikitzen ari diren arotzak, XVI. Mendean egiten zen moduan egituraren pieza bat eskuz landuko dute. 

Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, adierazi duenez, XXI. Arrain Azoka “gure sukaldeetara hurbilduko da txikitatik arraina kontsumitzearen ohitura zabaltzeko, gozoa eta osasuntsua delako eta, aldi berean gure kostaldeko arrantzaleen onurarako delako”. Aldi berean,  “gure produktuen eta baita ere gure ohitura, kultura eta tradizioen erakusleiho aparta izango da”,  gaineratu du. Horretarako, ekimen pila egongo direla azpimarratu du  eta maiatzaren 15etik 17ra “giro izugarrian, gure produktu apartak eskuratzeko eta itsas eta arrantza mundua ezagutzeko aukera paregabea egongo dela Bermeon” nabarmendu du.  

Bidegurenek XXI. Arrain Azokaren nondik norakoak azaldu ditu gaur Bermeoko Arrantzaleen Museoan egindako aurkezpen prentsaurrekoan. Bidegurenekin batera egon dira Irune Ormaetxea Merkataritza eta Turismo zinegotzia, Bego Gangoiti Bermeoko turismo arduraduna eta kontserba enpresetako ordezkariak.  

20 erakustoki eta ekimen pila 

Bidegurenek azaldu duenez, aurtengo Arrain Azokan 20 erakustoki egongo dira. Hauetan enpresek eta erakunde ezberdinek euren produktuak eskainiko dituzte bisitariek dastatzeko eta erosi ahal izateko, eta horrez gain,  arrantza mundua erakutsiko dute. Azokaren ordutegia 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da ostiralean eta larunbatean eta 11:00etatik 15:00etara igandean.  

Azaldu duenez, aurtengo nobedadeetako bat da Bermeoko Kontserberen terraza stand bat egongo dela, dalata.net-en eskutik, bertan lata edo tarro bat zabaldu eta dastatzeko aukera egongo da. Gainera, hiru lote prestatuko dituzte Bermeoko Kontserba enpresekin: batetik, fabrika guztietako produktu banarekin surtido bat, bestetik, Bermeoko hiru antxoa fabriken lotea eta, azkenez, Bermeoko hegaluze-mendrezkaren lata preziatuenekin beste bat.  

Ildo berean, Serrat enpresak 125 urte betetzen ditu eta stand berezi bat izango du. Bere produktuez gain, Lanbide Hastapenarekin egindako elkarlanari esker, bere produktuekin egindako pintxoak eskuratzeko aukera egongo da.  

Tailerrak

‘Arrainari gustua hartzen’ leloa praktikan jarriz, aurten hainbat tailer egingo dira. Horrela, gune didaktikoan maiatzaren 15, 16 eta 17an, 12:00etatik 14:00etara, Bermeoko Lanbide Hastapenak antolatuta ‘familian sukaldaritza zuzenean’ tailerra egingo da arraina sukaldean familian modu gozoan eta erakargarrian zelan prestatu erakusteko eta sukaldea jolasteko eta familia hartu-emonak indartzeko gune bilakatzeko.  

Horrela, arrainarekin hiru produktu ezberdin prestatuko dituzte barikuan brotxetak, zapatuan sandwich-a eta domekan krepeak. Gainera tailer hau adinka antolatuko da, 12:00etan 5 eta 7 urteko arteko umeen txanda izango da, 12:45ean 8 eta 10 urte arteko umeena eta 13:30ean 11 urtetik gorakoak parte hartzeko unea izango da.  

Gune didaktikoan ere, ostiralean eta larunbatean, 12:00etatik 14:00etara, Mercabilbaok umeei arrainen ezaugarriak erakusteko zentzumen-tailerrak eskainiko ditu gune didaktikoan. Eleizalde ikastolak antolatutako ekimen honetan umeek arrainarekin harremanetan jarriko dira eta zentzumenak erabiliz bere ezaugarriak ezagutuko dituzte. 

Leku berdinean, larunbatean eta igandean, 11:30ean, bokartaren tratamendua eta ezaugarriak ezagutu ahal izango dituzte  bertaratzen diren guztiek, Anchoas Royoren eskutik.  

Aste Santutik martxan dagoen pintxo lehiaketa ere antolatu da Arrain Azokaren barne eta aurten ere arraina protagonista duen  karpa jatetxea ere egongo da Lameran. “Hortaz, arrainaren kontsumoa eta horren onurak erakutsiko die gure Arrain azokak herritar eta bertaratzen diren pertsona guztiei eta argi geldituko da arraina oso produktu ona eta erakargarria dela, ikuspuntu guztietatik”, nabarmendu du Bermeoko alkateak.  

Gure Itsas ondarea eta tradizioak zaindu eta erakutsi: Albaola 

Bestalde, gure itsas ondarea eta tradizioak zaindu eta erakusteko helburuarekin eta gaztetxuek ere euren ezagutza izateko, umeei eta gaztetxuei zuzendutako tailerrak antolatu dira gune didaktikoan, barikuan eta zapatuan 17:00etatik 21:00etara.  

Era berean, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian San Juan baleontzia eraikitzen ari diren arotzak egituraren pieza bat eskuz lantzen ibiliko dira egun osoan, XVI. Mendean egiten zen bezala, opatxur eta esku-zerraz. 

Horrez gain, egunero Kofradi Zaharraren aurrean atrakatuta egongo den Mater itsasontzia bisitatu ahal izango da eta bertan gure itsas ondarea ezagutzeko aukera izango dugu(11:00etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte)”, adierazi du alkateak.  

Ildo berean, Bidegurenen esanetan, “interesgarriak” izango dira Kofradia Zaharrean egingo diren Arrain salmenta simulazioak, data hauetan bakarrik ikus daitezke eta. Hegaluze itsasontzian egingo diren irtenaldiak ere oso politak izango direla adierazi du, Elantxobera barikuan eta domekan 12:00etan eta zapatuan 12:00etan eta 17:00etan eta Gaztelugatxera larunbatean 13:15ean eta 18:00etan.   

EHU, Echebastar Fleet eta Ricky Dávila argazkilariaren eskutik, ‘Alakrana eta Ricky Dávila, atunontzia eta bere argazkilaria” argazki erakusketa egongo da ikusgai Arrantzaleen Museoan. Ostiralean, arratsaldeko 19:00etan Arrantzaleen Museoan “Los efectos del cambio climático sobre las empresas pesqueras. Posibles medidas de respuesta frente a ellos y otros riesgos” hitzaldia eskainiko dute Josué M. Polanco ikertzaileak eta Rober Ugaldek (EHU). 

Jai giro ezin hobea 

Arrain Azokaren inguruan antolatutako ekimen kulturalak ere asko izango direla adierazi du alkateak. Bere esanetan, herriko kultur taldeen inplikazioari esker, Bermeon 15, 16 eta 17ko asteburuan “jai giro ezin hobea lortuko dugu,  fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, panderistak, erraldoiak eta gaiteroekin herria alaitzea lortuko baitute”.   

Habanerak ere izango dira Frontoian larunbatean gaueko 22:00etan Radio Nervionek antolatuta. Larunbatean, 11:00etan II. Ikurriña batelen estropada egingo da eta 13:30ean sari banaketa kioskoan. Leku eta egun berdinean, 12:00etan pintxo lehiaketaren sari banaketa izango da eta pintxoak gune didaktikoan egongo dira ikusgai.  

Umeentzat Txirla Beltzaren Piratak ikuskizuna egongo da larunbatean, 18:00etan Aita Guria baleontzian, dohainik eta ondoren kalejira polita egingo dute Lameratik.  

Bermeoko Arrain Azokako erakustokiak ostiralean goizeko 11:00etatik aurrera bisitatu ahal izango dira, baina hasiera ofiziala eguerdiko 13:00etan, izango da. Egun horretan ere Hegaluze saria emango da. Hau urte askotan, bermeotarren parte hartzearekin, Bermeoko herriaren izena, euskal kantak eta kultura, zabaldu dutenei ematen da. 

“Hortaz, era guztietako ekimenez beteta datorkigu gure Arrain Azoka eta pertsona guztiak gonbidatu nahi ditut Bermeorentzat hain garrantzitsua ekimen honetan parte hartzera, izan ere, gure produktuak, enpresak eta herria ezagutzeko eta, aldi berean, jai giroaz disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du Bermeok maiatzaren16, 17 eta 18an”, azpimarratu du. 

Eusko Trenek tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu arrain azokaren egunetan eta Bermeon Erroxape Kaian, Landabasoko Poligonorazko bidean, eta Udal Azokako parkingean ere aparkatzeko aukera egongo da.  

Bidegurenek Bermeoko herriarentzat azoka honek duen garrantzia azpimarratu du eta Euskal Herrian mota honetako lehenengo azoka dela gogoratu du. “1994. urtean hasi ginen azoka hau antolatzen kontserberak eta Udala elkarlanean eta erreferentea izateko lanean ari gara urtero, gure apustu garrantzitsu bat izanik”, adierazi du.

08 / 05 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0