Albisteak

Albistea

Mareak jaialdiak estilo desberdinetako ekimen kulturalak dakartza, urriaren 20tik 27ra

  • X. urteurrenean jaialdiak 10 jarduera dakartza 8 egunetan, agertoki desberdinak erabilita.
  • Sarrera guztiak ekitaldi kultural bakoitzaren lekuan erosiko dira; horietako asko debaldekoak dira.

Bermeok abangoardia eta tradizioa uztartzen dituen Mareak jaialdiaren hamargarren edizioa hartuko du, urriaren 20tik 27ra bitartean. Hamargarren ediziorako, hamar ekitaldi kultural antolatu dituzte, eta aurreko urteetan egin modura, agertoki desberdinak aukeratu dituzte horiek ospatzeko.

MB2000 elkarteak, Beleza Malandra Ateneo Kulturalak,  Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Mareak jaialdia aurkeztu da gaur Frantziskotarren klaustroan; toki hori, jaialdiko ekimen baten agertoki bilakatuko baita.


Endika Etxebarria Telleriak esan du “ohorea” dela Mareak jaialdiaren X. urteurreneko aurkezpenean egotea; “Mareak jaialdiak hamarkada bat darama gurean, tradizioa eta abangoardia uztartzen. Hamargarren urteurren hau ez da bakarrik lortutako guztia gogoratzeko une bat, baizik eta aurrera begiratzeko ere bai. Eskerrak eman gura dizkiet bidai honetan parte hartu duten guztiei: antolatzaileei, artistei, babesleei eta, baita ere, urtero zuen babesa eta gogoa erakutsi duzuen publikoari. Zuek guztiak barik, Mareak ez litzateke gaur dena izango. Ziur nago edizio honek ere ospakizun berezia ekarriko digula, une ahaztezinak utziz”.

Ane Ortube, Mareak jaialdiko antolatzailea, pozik agertu da Mareak jaialdia X. urteurrenera iritsi delako: “Esfortzuarekin eta ilusioarekin heldu gara honaino, eta horri esker, aurten ere, 8 egunetan 10 jarduera antolatu ditugu; hitzaldiak, proiekzioak, musika, irteerak, ipuin kontaketak… Urteurren honetan, aurreko jaialdietan parte hartu duten artistak izango ditugu, eta baita berriak ere. Jarduera guztiak oso garrantzitsuak izango dira”.

Domekaz hasiko da aurten Mareak jaialdia, urriaren 20an. Beleza Malandra Ateneo Kulturalak Melbournetik etorritako Long Hours taldearen kontzertua hartuko du, 13:30ean; 5 euroko sarrera ordaindu beharko da.

Astelehenean, urriaren 21ean, helduentzako ipuin kontalaria izango da Beleza Malandra Ateneo Kulturalean, 19:30ean. Apika konpainiak ‘Artimañas’ saioa eskainiko du, eta debaldekoa izango da.

Martitzenean, urriaren 22an, Asier Romero Andonegik ‘Tesoros, curiosidades, secretos y mitos de Bermeo’ hitzaldia eskainiko du, Arrantzaleen Museoan, 18:30ean. Hau ere dohainik izango da.

Eguaztenean, urriaren 23an, Ben Whalleyk BBCrentzat ekoiztu eta zuzendu zuen ‘Krautrock: The Rebith Of Germany’ dokumentala ikusteko aukera egongo da, Nestor Basterretxea aretoan, 20:00etan, doan.

Nestor Basterretxea aretoa izango da baita ere egueneko agertokia. Bertan, 20:30ean, Joseba Irazoki eta Xabier Badiola elkarrekin ariko dira oholtza gainean. Sarrera 8 eurokoa izango da.

Musika izango da urriak 25eko protagonista. Beleza Malandra Ateneo Kulturalak Cult Of Youth estatubatuarren, Thee Eliam donostiarren eta Silver Surfing Machine bilbotarren kontzertuak hartuko ditu, 20:30ean hasita. Kontzertuak ikusteko 10 euroko sarrera ordaindu beharko da.

Urriaren 26a, zapatua, beteta dator Mareak jaialdia, hiru ekitaldirekin. Goizean, 09:30ean, Turismo Bulegotik irtenda, Nabarnizko Arrolako Kastrora bisita gidatua egingo da; Juan Jose Cepedak emango ditu azalpenak. Bisitaren ostean hamaiketakoa egingo da, Bermeora bueltatzeko indarrak hartzeko. Bisita gidatuaren prezioa 2 eurokoa izango da.

Zapatuan bertan, 18:30ean, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean izango da, ‘Temporada de brujas. El libro del rock gótico’ liburuaren idazle Cathi Unswroth. Liburuan kontatzen diren istorioak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Solasaldia doan izango da.

Zapatuari amaiera borobila emateko, 21:00etan, Mareak jaialdia Frantziskotarren klaustrora lekualdatuko da, Burgoseko Neonimus taldearen ‘Después de nuestra era’ kontzerturako. Kontzerturako sarrera 8 eurokoa izango da.

Domekan amaituko da aurtengo Mareak jaialdia, urriaren 27an. My Imaginary Loves eta Docks taldeak arduratuko dira hamargarren edizioari agur esateaz. Beleza Malandra Atenea Kulturalean izango dira kontzertuak 13:30etik aurrera, eta 5 euroko sarrera ordaindu beharko da.

Sarrera guztiak ekitaldi kultural bakoitzaren lekuan erosiko dira, edukiera bete arte.

Antolatzaileek pertsona guztiak gonbidatu dituzte Mareak jaialdian parte hartzera, kulturaz gozatzeko aukera paregabeak eskainiko dituelako ekimen kultural desberdinen bidez.

10 / 10 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0