Albisteak

Albistea

Domeka honetan ospatuko da Bermeoko XVI. Herri Lasterketa

Lasterketa popular honek herritarrak kirol jarduerarekin sentsibilizatzea du helburu, konpetizio izaera alde batera utziz

Bermeoko herritar guztiei zuzendutako kirol ekintza honek 4 kategoria izango ditu: ‘Umeak’, ‘Txikiak’, ‘Gazteak’  eta ‘Nagusiak’

Bermeon, 2020ko urtarrilaren 22an.- Asteburu honetan ospatuko da Bermeoko Udalak eta Taraska Gazte-Zahar taldeak antolatzen duten Bermeoko XVI. Herri Lasterketa. Lasterketa popular honek herritarrak kirol jarduerarekin sentsibilizatzea du helburu, konpetizio izaera alde batera utziz. Bertan parte hartu nahi duenak Bermeoko Araneko kiroldegian eman ahalko du izena. Hala ere, egunean bertan ere izena eman ahal izango da, 10:30ak baino lehen. Aurten jasoko den dirua Asparbi elkartera bideratuko da.

Bermeoko herritar guztiei zuzendutako kirol ekintza honek 4 kategoria izango ditu: ‘Umeak’, ‘Txikiak’, ‘Gazteak’  eta ‘Nagusiak’.

-    ‘Umeak’ kategoria: 3-6 urte. 100 metroko ibilbidea. 12:40ean hasiko da.

-    ‘Txikiak’ kategoria: 7-10 urte. 800 metroko ibilbidea. 12:10ean hasiko da

‘Gazteak’ kategoria: 11-14 urte. 1.500 metroko ibilbidea. 12:00etan hasiko da

-   ‘Nagusiak’ kategoria: 14 urtetik gora. 7.200 metroko ibilbidea. 11:00etan hasiko da. 11-14 urte bitarteko gazteak lasterketa nagusian parte hartu dezakete, betiere pertsona nagusi baten ardurapean edo gurasoen baimenarekin.

‘Umeen’, ‘Txikien’ edota ‘Gazteen’ kategorian parte hartu nahi duten pertsonek euro 1 ordaindu beharko dute. ‘Nagusien’ kategoriakoek, berriz, 2 euro. Aurten ere izena ematerako orduan korrikalari bakoitzari bere dortsala emango zaio eta lasterketa egunean eraman beharko du. Hala ere, informazio gehiago nahi duenak www.bermeo.eus webgunean edo Araneko kiroldegian eskuratu ahal izango du.

Lasterketa bukatu ondoren dutxatzeko aukera egongo da Araneko kiroldegian eta Artza frontoian. Gainera, ibilbidean zehar ura edateko postu bat ere jarriko da, korrikalariek hidratatzeko aukera izan dezaten. Bukatzeko, lasterketa bukaeran BM supermerkatuak prestatutako opari-poltsa bana  eskainiko zaie parte hartzaile guztiei eta Bermeoprint-en ere opariak banatuko dira.

Helburu nagusia:

Bermeoko XVI. Herri Lasterketaren helburu nagusia da herritarrak kirol jarduerarekin sentsibilizatzea. Horretarako, ohitura osasungarriak zabaldu nahi dira eta kirola egitea horren parte oso garrantzitsua da. Bermeoko Udaletik zabaldu nahi da kirola egitea ez dela federatuen gauza bakarrik eta horregatik ‘konpetizio’ ezaugarria ‘populartasun’ ezaugarriarengatik ordezkatu da.

22 / 01 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0