Albistea
Bermeon, 2022ko irailaren 26an.- Bermeon klasikoa bihurtu den Mareak Jaialdia bueltan da. Izan ere, ekimen honek bere zortzigarren edizioa ospatuko du asteburu honetatik aurrera. Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta MB2000-ak -Bermeoko Udalaren, Bermeoko Kafe Antzokiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin- antolatzen duten jaialdiak abangoardia eta tradizioa batzen dituzten hainbat arte-diziplinatako ekimenak eskainiko ditu urriaren 1etik 7ra bitartean.
Jaialdi honen zortzigarren edizioak hainbat eszenatokitan egingo diren hamaika ekitaldi kulturalekin (kontzertuak, ibilaldiak, istorio kontalariak, proiekzioak…) gozatzeko aukera eskainiko die bertaratzen diren pertsona guztiei. Prestatu diren ekimen batzuk doakoak izango dira eta, besteak, ordainpekoak. Sarrera guztiak eskuragarri daude www.bermeokokafeantzokia.com webgunean.
“Mareak Jaialdiak bere espazioa merezimendu osoz irabazi du Bermeon. Herrian oso ezaguna da eta ohikoak ez diren ekitaldi kulturalak ikusteko aukera ematen digu. Aurten, gainera, bere ohiko formatuarekin itzuliko da eta oso pozik gaude. Eskerrak eman nahiko nizkieke antolatzaileei egin duten programarengatik. Seguru naiz publikoak asko gozatuko duela”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.
010 (94 617 91 00)