Albisteak

Albistea

Bermeoko XV. Herri Lasterketa izango da urtarrilaren 27an, domekan

Aurten batzen den dirua Itsas Giza Salbamendurako Gobernuz Kanpoko erakundearentzat izango da

 

 

Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska Gazte-Zahar taldeak antolatuta, urtarrilaren 27an, domekan, Bermeoko XV. Herri Lasterketa egingo da. Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol Patronatuko lehendakariak eta Kirol zinegotziak; Itxaro Zabalak, Bermeoko Udal Kirol Patronatuko zuzendariak; eta Jon Iturbek, Taraska Gazte Zahar taldeko ordezkariak, aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Bermeoko Herri Lasterketa. 

Azaldu dutenez, joan den urtean 760 pertsonek parte hartu zuten, eta emakumeen parte-hartzea garrantzitsua izan zen, 331 parte-hartzaile neskak izan baitziren, %43,5a, eta 429 mutilak, %56,4a.  Parte-hartzaileetatik, 564 gazte, ume eta txikiak izan ziren eta 196 nagusiak. “Aurten ere emakumeen presentzia garrantzitsua izatea helburu bat” dela  adierazi dute Ormaetxeak eta Zabalak.  

Ormaetxeak azaldu duenez, Herri Lasterketak “herrian denok batera korrika egiteko aukera paregabea eskaintzen du”. Horrela, herritar guztiak parte hartzera animatu ditu; “izan ere, guztiok egin dezakegun kirol froga bat da”. Ildo horretan,  Bermeoko kirol zinegotziak lasterketaren izaera “herrikoia”, “soziala” eta “konpetitzioa helburu ez duena” dela azpimarratu du. 

Adierazi duenez, Herri Lasterketaren helburuak dira “herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea”. “Horrez gain, kirola herritarrei hurbildu nahi diogu, kirola ez dela federatuen gauza bakarrik adierazi, denona dela eta denok parte hartu ahal dugula, hain zuzen be”, gaineratu du.  

Adin guztietako herritarrak 

Taraska Gazte Zahar taldeko kideak azaldu dutenez, urtero bezala adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dute lasterketan. Horretarako, lau lasterketa antolatu dira: umeak, txikiak, gazteak eta nagusiak. Guztiak Bermeoko Lameratik hasiko dira. 

Nagusien lasterketa, hau da, 14 urtetik gorakoena, goizeko 11:00etan hasiko da, eta ibilbide guztia gutxi gorabehera 8 kilometrokoa izango da. 11 eta 14 urte bitarteko gazteek lasterketa nagusian parte hartu ahal dute, beti ere pertsona nagusi baten ardurapean eta berarekin korrika edo gurasoen baimenarekin.  

Gazteen lasterketa, 11 eta 14 urte bitartekoei zuzendutakoa, goizeko 12:00etan hasiko da, eta ibilbidea 1.500 metro ingurukoa izango da. Txikien txanda, 7 eta 10 urte bitarte dutenena, 12:10ean izango da, eta 800 metroko ibilbidea izango da. Umeen kasuan, 3 eta 6 urte bitartekoak, 12:40ean hasiko dira eta 100 metroko ibilbidea izango dute.   

Nagusien lasterketa 11:00etatik 12:00ak ingurura arte izango da eta, ordu tarte horretan, korrikalariak errespetatze aldera, kotxeak ahalik eta gutxien erabiltzea eskatzen da. 

Nagusien lasterketaren ibilbidea honakoa izango da: Lamera, Edur Fabrika, Portua, udal liburutegia, Artza kaia, ‘Campsa’, Askatasun bidea, Erreñezubi, Lamera txiki, Zubiaur tar Kepa, San Martin, Bizkaiko Jaurerria, Intxausti, Goiko plaza, Baztarre, Aurrekoetxea, Kultur etxea, Nautika eskola, Tala, Tonpoi bidea, Arresi, Atalde, Bizkaiko Jaurerria, Intxausti, Goiko plaza, Arostegi eta Lamera. 

XV. Herri Lasterketan parte hartu nahi dutenek Bermeoko Araneko kiroldegian izena eman behar dute. Umeek ikastetxeetan izena emateko aukera izango dute. Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo da 10:30ak arte, hala ere, antolatzaileen lana errazteko, egunak lehenago izena ematea eskertzen dute. 

Itsas Giza Salbamendua 

Ume, txiki eta gazteen kasuan izena ematea euro bat izango da eta nagusiak bi euro ordaindu behar dituzte. Aurten batzen den dirua Itsas Giza Salbamendurako Gobernuz Kanpoko Erakundeak eramango du.  Erakunde hori sorosle, patroi eta osasun arloko boluntarioek osatzen dute, pertsona errefuxiatuak laguntzeko helburuarekin. 

Aurten ere izena ematerako orduan korrikalari bakoitzari bere dortsala emango zaio, lasterketa egunean eraman beharrekoa. Ume, txiki  eta gazteei dortsala ikastetxeetan banatuko zaie. 

Lasterketa bukatu ondoren BM supermerkatuak prestatutako opari poltsa bana eskainiko zaie parte hartzaile guztiei, eta Bermeoprint-ek ere opariak banatuko ditu parte hartzaileen artean. Dutxatzeko aukera ere egongo da Araneko kiroldegian eta Artza frontoian. 

XV. Herri Lasterketaren garapen zuzena eta segurtasuna bermatzeko honako hauek lan egingo dute: Taraska Gazte Zahar taldeak, Izaro Bikers Moto elkartea, Bermeoko Udaltzaingoak eta Udaleko Zerbitzuetako langileek, Herri Babesak, herriko boluntarioak, Gurutz Gorriak, eta Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak. 

Halaber, lasterketaren laguntzaileak dira: Kutxabank, BM supermerkatuak, Festak.com, Bermeoprint, San Frantzisko Herri eskola, Sagrado Corazón ikastetxea, Eleizalde ikastola eta Ignacio Arocena institutua. 

Guztiei eskerrak eman dizkie Ormaetxeak; izan ere, euren lana ezinbestekoa da herri lasterketa antolatzeko. Kirol zinegotziak aipamen berezia egin dio Taraska Gazte Zahar taldeari eta lasterketa hau urteetan antolatzen egiten ari den lana eta Bermeon korrika zaletasuna sustatzeko egindako lan izugarria goraipatu du. 

Azkenez, Ormaetxeak, Zabalak eta Iturbek herritar guztiak XV. lasterketan parte hartzera animatu dituzte, kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango delako. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, Bermeoko Araneko kiroldegiko sarrera bulegoan eta www.bermeo.eus  webgunean eskura daiteke. 

21 / 01 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0