Albistea
Bermeoko Udal Liburutegiak barikuan, abenduaren 16an, Uxue Alberdiren ‘Aulki jokoa’ liburuaz aritzeko irakurleen txokoaren saio berri bat hartuko du arratsaldeko 18:00etan. Dinamizatzailea Alaine Agirre idazle bermeotarra izango da.
Umeen jolasa ez ezik, bizitzaren metafora da Aulki-jokoa. Maitasuna, gerra, askatasuna, errebeldia… gai handi eta eternalak ageri dira herri txiki bateko biztanleen bizitzetan.
Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea. Horrela, Teresa, Martiña eta Eulali haurrak ezagutuko ditugu, baita haiek berak gaztetan ere, beren ilusio eta hausturekin, eta pasarte horiekin tartekaturik pertsonaia berberak gaur egun, arratsaldero kafea hartzen, gozotegian, nor bere aulkian.
Istorio xumeen handitasuna erakusten digu Uxue Alberdik bere lehenengo eleberri honetan. Denbora eta ahots desberdinak abilki nahastuz eta pertsonaien nortasunean sakon barrenduz, bizitza bera bihurtu du kontagai, epika eta lirika guztietatik harago, estiloaren dotorezia eta arintasuna elkartzen dituen esku ziurrari esker.
Irakurleen txokoan parte hartu nahi duenak Liburutegian eskatu behar du liburua, eta ordurako irakurri. Irakurle txokoan hilean behin interesa duten pertsonak biltzen dira, eta euskarazko liburu bati buruz hitz egiten dute.
Ekimen horrekin honako helburuak lortu nahi dira: euskarazko literaturaren irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.
010 (94 617 91 00)