Albisteak

Albistea

“Zeurie be bada” garbiketa kanpainaren hirugarren fasea hasi da

-Oraingo honetan, gazteei zuzenduta egongo da, eta guztira 3 kubo-poltsaz osatutako 20 edukiontzi sorta banatuko dira lokaletan, gazteek bertan sortutako hondakinak birziklatu dezaten

-“Bermeorentzat hain garrantzitsua den gizatalde hau inplikatu nahi dugu. Administrazioa garen aldetik, birziklatzearen garrantziaz kontzientziatu eta sentsibilizatu behar ditugu gazteak, proiektuan inplikatu egin nahi ditugu eta ekimen honetan parte hartzera bultzatu, gizabidezko jarrera egokiak izatera animatuz”, adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.

Bermeon, 2023ko urtarrilaren 30ean.- Lehenengo bi faseen arrakastaren ondoren, Bermeoko Udalak gaur bertan ateak ireki dizkio “Zeurie be bada” garbiketa kanpainaren hirugarren etapari. Gazteenak inplikatzeko helburu nagusiarekin, oraingo honetan, ekintza eurei zuzenduta egongo da, zehazki, gazte-lokaletako erabiltzaileei. Horretarako, Bermeoko Udalak guztira 3 kubo-poltsaz osatutako (plastikoa, papera eta beira) 20 edukiontzi sorta banatuko ditu Bermeoko lokaletan, gazteek bertan sortzen dituzten hondakinak birziklatu eta, bide batez, ingurumena babestu dezaten.

“Bermeorentzat hain garrantzitsua den gizatalde hau inplikatu nahi dugu. Administrazioa garen aldetik, birziklatzearen garrantziaz kontzientziatu eta sentsibilizatu behar ditugu gazteak, proiektuan inplikatu egin nahi ditugu eta ekimen honetan parte hartzera bultzatu, gizabidezko jarrera egokiak izatera animatuz”, adierazi du Aritz Abaroak. “Jakin badakigu lokaletan, edozein establezimendu edo etxetan bezala, mota guztietako hondakinak sortzen direla. Baina jasotzeaz gain, ezinbestekoa da birziklatzea, hori dela eta, gazteen eskura jarri ditugu koloretako hiru ontzi hauek” gehitu du.

Kale hezitzailea, erreferentziazko figura gazteentzat

Bermeoko Udalak kale hezitzaile gisa ezagutzen den pertsona bat du eta haren lanen artean gazteei laguntzea eta motibatzea dago. Erreferente bat da, Bermeoko gazteen beharrak ondo baino hobeto ezagutzen dituen figura bat, alegia, harreman estua baitu haiekin. Izan ere, bere zereginen artean bizikidetza ona sustatzea, gazteen beharrak entzutea eta jasotzea, baliabide komunitarioak ezagutaraztea eta hurbiltzea eta gazteei beren motibazio eta ekimenetan laguntzea daude, beste batzuen artean.  Horregatik, bera arduratuko da, hain zuzen ere, materiala lokaletan banatzeaz.


Baina kale hezitzailearen lana ez da laburbiltzen gazteei laguntzean; izan ere, bere esku-hartze eremua oso zabala da. Alde batetik, ikastetxeetan (tailerrak, banakako eta taldeko esku-hartzeak eginez) eta, bestetik, Lokaleku programaren esparruan lan egiten du. Azken horretan, lan oso desberdinak egiten ditu: auzokideekin izan ahal diren elkarbizitza arazoak bideratu, gazteek dituzten ezinegonak eta arazoak bideratzen lagundu, txokoen erabilera egokia sustatu, udalaren kanpaina ezberdinak bultzatu, lokalen bilaketan lagundu…

Helburu bakarra duten hainbat ekintza

"Zeurie be bada" kanpainak legealdian zehar Udalak abiarazitako hainbat inkestetan du sorbide; izan ere, inkesta horietan, behin eta berriz errepikatu den gaia izan da garbitasunarena. Ildo horretan, Aritz Abaroa alkateak azpimarratu nahi izan du “orain arte ahalegin handiak egin ditugu, halere, atsedenik gabe lanean jarraituko dugu herritarren nahiak betetzeko eta Bermeo garbi eta ordenatua izateko. Zentzu horretan bi lan lerro nagusi identifikatu ditugu; bata, nola ez, garbiketa zerbitzuak, prozedurak eta tresneria indartzea; eta bestea herritarrekin batera sentsibilizazioa eta kontzientzia lantzea”. Azkenik, gogorarazi nahi izan du “guztion ardura da udalerria garbi mantentzea, eta hortaz, ezinbestekoa da herritar guztien inplikazioa”.

Joan den udan "Zeurie be bada" kanpaina hasi zenetik, Udalak adin-tarte eta gizarte-sektore desberdinei zuzendutako hainbat ekintza jarri ditu abian. Ekintza horiek guztiek helburu zehatz bat dute: kontzientziazioa eta herritarren inplikazioa bilatzea. Alde batetik,  uztailean, herriko etxebizitzetara diptiko bat bidali zen, kanpaina bera zertan zetzan azaltzeko, udalerria garbitzen lan egiten duten ibilgailuetan logoa jarri zen eta pipak saltzen diren establezimenduetan azalak botatzeko poltsak banatu ziren. Beste alde batetik, joan den urrian, Udalak hainbat jolas margotu zituen paperontzien inguruan, txikienek garbitasuna eta birziklatzeko ohiturak barnera zitzaten, ostalaritza-establezimenduetan ontzi txikiak banatu ziren eta mezu argia zabaltzen zuen kontzientziazio-bideo bat argitaratu zen: ez egin kalean etxean egingo ez zenukeena.

30 / 01 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0