Albisteak

Albistea

Arantzadik gidatuko du Kantauri itsasertzean aitzindaria izango den proiektu bat, hegaztien migrazioari buruzkoa, Bermeoko Izaro uhartean

Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Sailak eta Urdaibai BirdCenter delakoak Kantauri itsasertzean aitzindari izango den proiektu bat aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Bermeoko Udalari eta Energiaren Euskal Erakundeari esker.

 

 

Etengabeko ahalegina eskatzen duen eraztunketa-proiektu honen helburua hegaztien migrazioaren inguruko ikerketarako datuak biltzea da, zehazki migrazio postnupzialean.

 

 

Proiektu honek Mediterraneoan duen aurrekaria Italian egin zen, PicoleIsole izeneko proiektuan. 1988.urtean Italiako Fauna Basatiaren Institutuaren zuzendaritzapean egin zen eta herrialde asko batu dira proiektu honetan.

 

 

Abuztuan, 4 lagun uhartean biziko dira eta bidaia luzeetan atseden uhartean hartzen duten hegaztiei buruzko informazioa jasoko dute.

 

Hegaztien migrazioak Kantauri itsasoan

Uharteek hegazti migratzaileentzat duten geltoki-funtzioa sakon ikertu da Mediterraneoan zenbait ekimenen bidez; tartean da PicoleIsole. Proiektu honetan eginiko ikerketek oso datu interesgarriak eman dituzte irlek hegaztien migrazioetan duten garrantziei buruz, eta datu horiek ekarpen handia egin dute hegaztien migrazioari buruz dakiguna hobetzeko.

Izaro uhartea Oka ibaiaren bokalearen aurrean dagoen uhartetxo bat da eta Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago, Bermeon. Horregatik, Kantauri itsasotik datozen hegazti migratzaileentzat, penintsulara leku horretatik sartzen direnentzat, lehorreko lehen gunea da. Testuinguru geografiko horretan, Izaro leku estrategikoa da, eta oso interesgarria Kantauri itsasotik datozen hegaztien migrazioa aztertzeko.

Hegaztiei eraztunak jartzeko proiektua Izaron (Bermeo)

Proiektu honen helburua hegazti txikiek Kantauri itsasoa zeharkatuz egiten duten migrazioaz dakiguna sakontzea da. Zehazki, Izaro uhartean eraztunak jartzeko kanpaina bat egiteko asmoa dugu, jakiteko ea hegazti horiek zer egoeratan bidaiatzen duten eta zergatik egiten duten geldialdia uhartean.

Abuztuan, 4 pertsona uhartean biziko dira. Hegaztiei eraztunak jartzen arituko dira gau eta egun, txandak antolatuta. Pertsona horiek –gehienak ornitologiaren, xede zientifikoetarako eraztunak jartzearen eta biologiaren zaleak– Estatuko zenbait lekutatik etorriko dira uhartera lanera: Extremadura, Menorca, Madril, Andaluzia, Nafarroa eta Bizkaitik. Aranzadin eraztunak jartzeaz arduratzen den pertsona bat arduratuko da uhartean egingo duten egonaldian proiektua bideratzeaz.

Hegaztien espezieak eta metodologia

Eraztunak jartzeko kanpaina espezie transahararrekin egingo da; hau da, Europan umatu eta negua Afrika tropikalean igarotzen duten hegaztiekin.Laginketa abuztuaren 1etik 31ra egiteko asmoa dugu.

Eraztunak jartzeko protokoloa esfortzu iraunkorreko estazioetan erabiltzen den ohikoa izango da. Zenbait laino-sare jarriko dira, 16 mm-ko argitasunekoak, harrapatuta gelditzen diren hegaztiak hartzeko. Sareak zabalik egongo dira egunsentitik iluntzeraino.Irekita dauden denboran, orduro begiratuko dute sarea eta haize leuna/arina edo beroa bada, berriz, maizago. Euria eta haize zakarra izanez gero, sareak itxita egongo dira, harrapatutako hegaztiak hil ez daitezen.

Hegaztiak harrapatutakoan, aurretik prestatutako kolektoreetan sartuko dituzte eta, berehala, eraztunak jarri eta neurtu egingo dizkiete hegalen eta soinaren luzera, koipea eta pisua.Adina ere zehaztuko dute lumak aztertuta.

Logistika eta taldeen kudeaketa

Uhartean ez dago ontziratzeko lekurik eta bertara iristeko aukera seguruena Bermeoko Gurutze Gorriaren ontzietan joatea da.Iristea, gainera, itsasoaren egoerak erabat baldintzatzen du.7 eguneko txandak egiteko asmoa dago eta, beraz, Izarora iristeko eta hornigaiak emateko egunak abuztuak 5, 12, 19 eta 26 izango dira. Gainera, kanpaina hasi aurretik ere joango dira (uztailak 29), eta amaieran ere bai (irailak 3).

Uhartean 4 pertsonako taldea finkatuko da. Eraztunak jartzearen arduradun batek eta 3 laguntzailek osatuko dute taldea. Sareak begiratzeko txandak antolatuko dituzte eta hegaztiak sareetan ahalik eta denbora gutxien egoteko eta haien manipulazioan ere ahalik eta denbora gutxien pasatzeko jarduera-protokolo bat ere egongo da.

Taldekideek, uhartean egiten duten egonaldian, kanpin-denda batean hartuko dute ostatu.

24 / 07 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0