Albisteak

Albistea

Bermeok Gaztelugatxeko San Juanera joateko autobusa jarriko du Aste Santuan eta Aita Guria baleontzia irekiko da

Arrain Azokaren barne antolatzen den Pintxo Lehiaketako pintxoen ibilbidearekin gozatzeko aukera egongo da Bermeon Aste Santuan

Bermeok eskaintza turistiko zabala eskainiko du Aste Santuan, hainbat izango baitira gure herrira datozen bisitariek eta herritarrek ondo pasatzeko izango dituzten aukerak. Aurten, bigarren urtez eta iazko arrakasta kontuan hartuta,   Bermeoko Udalak Aste Santuko egunetan Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera joateko autobusa jarriko du. Horrez gain, barikuan, apirilaren 7an,  Aita Guria baleontzia irekiko da, eta Aste Santuan Arrain Azokaren barne antolatzen den pintxo lehiaketaren ibilbidearekin gozatzeko aukera egongo da Bermeon.

Gainera, Aste Santuan Bermeon, besteak beste, itsas ibilbideak egiteko; Arrantzaleen museoa, Bermeoko elizak eta klaustroa bisitatzeko, prozesioak ikusteko, eta gure produktuekin eta giro izugarriarekin gozatzeko aukera egongo da. Horien guztien berri eman dute Irune Ormaetxeak, Merkataritza eta Turismo zinegotziak, eta Turismo arduradunak, Bego Gangoitik, gaur egindako prentsaurrekoan.  

Ormaetxeak azaldu duenez, Bermeok badu altxor berezi bat, Gaztelugatxeko San Juan, hain zuzen be, zazpi mirari naturalen artean lehenengoa izendatutakoa 2014an eta turista asko erakartzen dituena. Gaztelugatxeko San Juaneko informazio puntutik uztailean eta abuztuan 28.136 pertsona pasa dira, iazko epe berdinean baino 8.076 gehiago, eta bertan grabazioak egiteko eskaerak asko gehitu dira.<u>
</u>

“Datu horiek eta iazko esperientzia positiboa kontuan hartuta, Gaztelugatxeko San Juanera joateko garraio publikorik ez dagoenez asteburu eta jai egunetan, Bermeoko Udalak Aste Santuko egunetan Bermibusek zerbitzu hori eskaintzea erabaki du. Izan ere, turismo jasangarria bultzatzeko Bermeoko Gaztelugatxeko San Juanera garraio publikoan joateko aukera ematea garrantzitsua dela uste dugu”, adierazi du Turismo zinegotziak.

Aurten, gainera, Ormaetxeak adierazi duenez, zerbitzua indartzea erabaki dute, eta horrela, arratsaldeko 19:00etan ere autobusa egongo da. Hortaz, Aste Santuko ostegunean, ostiralean, igandean eta astelehenean (apirilak 13, 14, 16 eta 17) Bermibusek Bermeo- Gaztelugatxe (11:00, 13:00, 15:00, 17:00, 19:00) eta Gaztelugatxe-Bermeo (11:15, 13:15, 15:15, 17:15, 19:15) ibilbideak egingo ditu. Larunbatean, apirilaren 15ean, Bermeotik 15:00etan, 17:00etan eta 19:00etan eta Gaztelugatxetik 15:15ean, 17:15ean eta 19:15ean eskainiko da zerbitzua. Bidaia bakoitza bi euro izango da.

Aita Guria baleontzia

Bestalde, Irune Ormaetxeak adierazi duenez, barikuan, apirilaren 7an, Aita Guria Bale Arrantzaren Interpretazio Zentroa irekiko da, eta Aste Santuan  bisita gidatuak egiteko aukera egongo da euskaraz eta erdaraz hainbat ordutan. Sarrera hiru euro da nagusientzat eta bi euro umeentzat. XVII. mendeko balezaleen bizimodua erakusten digun baleontzi  interesgarri horrek eta, hori dela eta, pertsona guztiei bisita gidatua egitera gonbidatu die Turismo zinegotziak.

Horrez gain, Bego Gangoitik azaldu duenez, Arrantzaleen Museoa, Santa Eufemia eta Santa Maria elizak eta San Frantzisko eliza eta bere klaustroa bisitatzeko, Tribisburuko nekropoli erromatarra ezagutzeko eta Aste Santuko prozesioak (apirilak 14, barikua, 11:00 eta 17:30) ikusteko aukera egongo da Aste Santuan.

Ildo berean, pintxo-potea, itsas ibilbideak eta hainbat ekimen (kayak,  surf, eskalada, tirolina…) egiteko aukera eskainiko da Bermeon. “Bertoko produktuak eskuratzeko eta dastatzeko ere aukera egongo da giro paregabean”, gaineratu du.

Arrain Azokako pintxo lehiaketa

Ildo horretan, Bermeoko Arrain Azokaren barne aurten XV. Pintxo lehiaketa egingo da eta, horrela,  Aste Santuan martxan egongo da lehiaketan parte hartzen duten pintxoak dastatzeko pintxo lehiaketaren ibilbidea. Ibilbide hori Bermeoko 21 tabernek osatzen dute eta horiek arrainarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera zabala eskainiko dute Bermeon.

Lehiaketara aurkezten diren pintxoak Aste Santutik, apirilaren 13tik (eguena) aurrera maiatzaren 14ra arte dauden asteburu eta jai egunetan dastatu ahal izango dira, 12:00etatik 14:30era. Pintxoen prezioa 1,50 euro izango da.

Pintxoak dastatu nahi dituzten pertsonei informazioa emateko, pintxo lehiaketan parte hartzen duten taberna guztiekin eskuorri bat aterako da pintxoen argazkiekin, zelan dauden eginda azalduz eta horiek non eskaintzen diren adieraziz. Eskuorria lehiaketan parte hartzen duten tabernetan eta Bermeoko Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango da.

Pintxo ibilbidea honako tabernek osatzen dute: Ados Gastrogunea, Artza jatetxea, Artza frontoiko taberna, Aurresku<u>,</u>  Balea, Kasinoa, Etxepe, Galerna, Gastropeska, Gure Toki, Ipar Amets, Irish Pub, Izaro, Kai Alde, Kafe Antzokia, Kafe Loidxe, Naia, Sarabanda, Talako kantina, Toki Alai, eta Zubi Gane. Horietan guztietan arrainarekin egindako pintxo gozoak dastatu ahal izango dira.

Pintxo lehiaketa Eleizalde ikastolak Arrain Azoka Elkartearen babesarekin antolatzen du. Irune Ormaetxeak herritar guztiei eta kanpotik datozen pertsona guztiei gonbidatu die pintxoen ibilbidea egitera, azken finean, gure produktuekin eta gure herrian disfrutatzeko aukera paregabea eskaintzen duelako.

Gangoitik adierazi duenez, Bermeoko web gunean (www.bermeo.eus) eskaintza turistiko horren guztiaren berri emango da; eta, bertan, ordutegiak, lekuak, prezioak eta harremanetarako kontaktuak jakinaraziko dira. “Gainera, Urdaibai osoko eskaintza turistikoa eskuratu ahal izango da”, gaineratu du. Horrez gain, Bermeoko turismo bulegoan (94 617 9154) informazioa jaso ahal izango dute herritarrek eta bisitariek.

Azkenez, Ormaetxeak eta Gangoitik pertsona guztiak gonbidatu dituzte Bermeo eta Urdaibai ezagutzera Aste Santuan, izan ere, “leku benetan zoragarriak ditugu; eta paisaiaz, kulturaz, gastronomiaz eta aisialdiko ekimen ezberdinekin ondo pasatzeko aukera izango dute bisitatzen gaituzten guztiek”.

 

05 / 04 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0