Albisteak

Albistea

Bermeok 1912ko abuztuaren 12ko galarrena gogoratuko du 103 urte betetzen direnean

Bermeok 1912ko abuztuaren 12an gertatutako Galarrenaren 103. urteurrena betetzen denean, hondamendi horretan hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu hainbat ekitaldirekin. Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Unai Bilbaok Galerna elkarteko kideak hauen berri eman dute gaur Aita Guria baleontzian egindako prentsaurrekoan. 

Horrela, adierazi dutenez, abuztuaren 12an, eguaztenean, goizeko 10:00etan itsasontzi tradizionalen harrera egingo da Bermeoko Portuko Olatua eskultura parean eta 10:00etatik 14:00etara itsasontziak ikusteko aukera egongo da lehorrean. 12:00etan zinga txapelketa egingo dute batelek, galtzeko zorian dagoen ohitura zahar hau ikusteko aukera emanez bertaratzen direnei eta gure kultura erakutsiz.  

Arratsaldean, 18:00etan, itsasontzi tradizionalak uretaratuko dira eta gaueko 21:00etan itsasontzien prozesio isila egingo da Xixilirantz 1912ko galarrena gogoratzeko eta itsasoan galdutako arrantzaleak omentzeko. 

21:00etan Portuzaharrean lehorrean dauden herritarren artean kandelak banatuko dira. Aurten Serrats enpresak banatuko ditu kandelak, enpresa honek bere 125. urteurrena betetzen duenean. 143 kandela banatuko ditu, 1912ko galarrenan hildako 143 arrantzale bakoitzagatik bat, hain zuzen be, egun horretan bizitza galdu zutenak gogoratzeko. Herritarrak bokalerantzat bideratuko dira eta bertan itsasontziekin batuko dira guztiak elkarrekin lora eskaintza egiteko ekitaldi hunkigarri batean.   

Horrez gain, Aingeru Astuik azpimarratu duenez, abuztuaren 12an, asteazkenean, Aita Guria baleontzia dohainik bisitatu ahal izango da, izan ere, “horrela gure herriak itsasoarekin duen lotura eta gure historia zabaldu nahi dugu”. Gainera, Aita Guria baleontzian aroztegi erakustaldia ere egingo da eta hau aste guztian zehar izango dugu ikusgai. 

Abuztuaren 13an, eguenean, belaontzien nabigazio librea egongo da arratsaldeko 18:00etan eta abuztuaren 14an, barikuan, Isabel Letek Nautikan eta Itsas Garraioan lizentziadunak eta Yate Kapitainen Euskal Elkartearen sortzaile eta bazkideak ‘Galarrenak eta itsasoa’ hitzaldia eskainiko du Aita Guria baleontzian arratsaldeko 19:00etan.  Sarrera dohainik da. Aipatutako ekimenak Bermeoko Udalak eta Galerna taldeak antolatu ditu. 

Bestalde, Bermeoko Arrantzaleen Museoak antolatuta, abuztuaren 8tik 16ra ‘Santa Klara gaueko galarrena 1912’ erakusketa izango da ikusgai. Erakusketa honetan 1912ko Santa Klara gaueko galarrena zelan izan zen eta zeintzuk izan ziren ondorioak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Abuztuaren 12an, eguaztenean, Arrantzaleen Museoko sarrera dohainik izango da.  

Astuik gogoratu duenez, 1912ko galarrenean Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan zeunden 143 arrantzale hil ziren, euretatik 116 bermeotarrak, eta besteak inguruko herrietakoak, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroakoak, hain zuzen.  

“1912ko galarrena XX. mendeko lan istripurik handiena izan zen gure mugetan eta, hori dela eta, 103 urte betetzen direnean, urtero bezala, Bermeoko herriak arrantzale guzti horiei eta euren bizia aurrera atera behar izan zuten familiei omenaldi txiki bat egin nahi die”, azpimarratu du.  

Horrela, Astuik eta Galerna elkarteko kideek Bermeoko herritarrei eta nahi duten pertsona guztiei ekitaldi hauetan parte hartzera gonbidatu die “gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoarekin dugun lotura gogoratzeko”. 

 

 

07 / 08 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0