Albistea
Eskola Agenda 21 ekimenaren barruan, Eskola Foroa eta Udal Foroa egingo dira bihar, ekainaren 7an, Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean. Bermeoko Udalak azaldu duenez, foroen helburua honakoa da: Bermeoko ikastetxe guztietako (Herri Eskola, Eleizalde Ikastola eta Sagrado Corazón) ikasle zein irakasleek, udalari aurkeztea ikasturte honetan zehar ingurumenaren alorrean egindako lana eta euren proposamenak udalari luzatzea.
Horrela, goizeko 11:00etatik 12:00etara, eskola foroa egingo da. Bertan, ikastetxe guztietako guraso, ikasle eta irakasleen ordezkariek euren ikastetxeetan ingurumenaren arloan egindako lana partekatuko dute.
Ostean, udal foroa 12:00etatik 13:00etara izango da. Bertan, eskola foroaren partaideek Bermeoko alkateari, Idurre Bidegureneri; alkateordeari, Benito Ibarrolazari; Ingurumen zinegotziari, Irune Ormaetxeari, eta udal ordezkariei harrera egingo die eta aurreneko saioan prestatu duten aurkezpena azalduko die.
Gero iradokizunen eta elkarrizketaren txanda izango da. Bermeoko Udalak azaldu duenez, oso garrantzitsua da herriko ikastetxeek gure ingurumena zaintzearen alde hartzen duten konpromisoa, jasangarritasunaren garrantzia txikitatik landu eta barneratu dezaten.
010 (94 617 91 00)