Albisteak

Albistea

Bermeoko Mañu auzoko Karmengo jaiak bihar hasi eta uztailaren 17ra arte ekimen ugari izango dituzte

 

 

Bermeoko Mañu auzoko Karmen jaiak bihar, uztailaren 14an, hasiko dira eta uztailaren 17ra arte (astelehena) ekimen ugari izango dituzte: sukalki eguna, tortilla txapelketa, herri kirolak, umeentzako jolasak, trikitilariak…

Mañu auzoko jaiei, bihar, barikuan, arratsaldeko 19:30ean txupinazoarekin hasiera emango zaie, eta, ondoren, 20:00etan, mus txapelketa izango da. Gaueko 21:00etan zaldi probak ikusteko aukera egongo da. Gainera, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Cannon erretegian chill out musikarekin gozatzeko aukera egongo da.

Uztailaren 15ean, zapatuan, XXXII. Sukalki eguna ospatuko da Mañun. Izen-ematea goizeko 11:00etan izango da, eta, eguerdiko 13:30ean sukalkiaren aurkezpena. Arratsaldeko 18:00ak inguruan irabazleen berri izango dugu sari banaketa ekitaldian.

18:30ean Eleizagoen Ahizparekin erromeriak giroa alaituko du, eta, horrez gain, zapatuan I. tortilla txapelketa egingo da Mañuko jaietan. Izen-ematea 19:00etan izango da, tortillak bertan egin beharko dira eta tortillen aurkezpena 20:30ean izango da. Gaueko 21:00etan sari banaketa izango da, eta, ondoren, 21:30ean, zaldi probak. Egun guztian zehar umeek gaztelu puzgarrian disfrutatu ahal izango dute.

Uztailaren 16an, domekan, Karmen Egunean, goizeko 11:30ean meza nagusia egongo da, eta eguerdiko 12:30ean umeek jolasekin gozatzeko aukera izango dute.

Arratsaldeko 19:00etako mezaren ostean, 19:30ean,  herri kirolen txanda izango da. Harrijasotzaileak Izeta Eskola eta Jakes ‘Izeta V’ (9 urte) izango dira eta aizkolariak Hodei Ezpeleta (17 urte) eta Alex Txikon. Gainera Iker Gomezek (9 urte) eta Julen Aldanak (10 urte) erakusketa egingo dute. Egun guztian zehar Roberto eta Idoia trikitilariek giroa alaituko dute eta umeek gaztelu puzgarrian gozatu ahal izango dute.

Uztailaren 17an, astelehenean, bigarren Karmen Egunean, 11:30ean meza izango da. Arratsaldeko 20:00etan trikitilariekin gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek, bakailaoa dastatzen duten bitartean.  Gaueko 21:00etan, zaldi probek eta zozketa batek emango diote Mañuko jaiei amaiera.

Mañu auzoko jaiak Mañu auzoko jai batzordeak antolatzen ditu Bermeoko Udalaren laguntzarekin. Bermeoko Udalak Mañuko bizilagunei jai zoriontsuak opa dizkie eta herritar guztiak gonbidatu ditu jaietan parte-hartzera.

 

13 / 07 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0