Albisteak

Albistea

'Bermeo Tuna Pintxo Tour' ekimenak 50 tabernetan atunarekin gozatzeko aukera eskainiko du udan Bermeon, atunaren nazioarteko hiriburuan

 

Bermeok ‘Bermeo Tuna World Capital’ proiektua aurkeztu zuen Arrain Azokan, maiatzaren 18an, eta proiektu horren esparru garrantzitsu bat gastronomia da. Horrela, uda honetan argi geldituko da Bermeo atunaren hiriburua dela; izan ere, herritar zein bisitari guztiek, ‘Bermeo Tuna Pintxo tour’ ekimenaren bidez, atuna zein hegaluzea dastatzeko eta gozatzeko aukera izango dute, herriko 50 taberna inguruk produktu arrain horren pintxoak eskainiko baitituzte, uda sasoian, Bermeoko itsasontziak hegaluzea harrapatzen duten sasoian, alegia. 

Horren berri eman dute gaur Irune Ormaetxeak, Turismo eta Garapen zinegotziak; Bego Gangoitik, Turismo teknikariak; Ainhoa Barrenak , Behargintzako ordezkariak; Karmele Sánchezek, proiektu horren dinamizatzaileak  eta Patxi Erauzkinek, Bermeoko tabernarien izenean.

Ormaetxeak gogoratu duenez, Bermeoko Udalak, Bermeorako Enplegu Planaren barne, Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren jarraipenaren  martxan jarri du eta, horren barne, ‘Bermeo Tuna Pintxo Tour’ ekimena abiaraziko da uztailean eta abuztuan, 50 tabernen parte hartzearekin. 

‘Bermeo Tuna Pintxo tour’ ekimenean parte hartzen duten taberna guztiak batzen dituen plano bat argitaratuko da eta, horretan, tabernen kokapenaz gain, establezimendu bakoitzak eskaintzen dituen atunaren zein hegaluzearen pintxo gozoen argazkiak ere ikusi ahal izango dituzte herritar zein bisitariek.

 

Gainera, atun pintxoak jaten diren bakoitzean, tabernek zigilua emango dute eta, hamar zigilu lortzerakoan, Aita Guria baleontzira sarrera dohainik izango da. Planoak tabernetan eta Turismo bulegoan, besteak beste, egongo dira eskuragai. 

“Hortaz, udan, hegaluzearen sasoian, hegaluze zein atunaren pintxo ezberdinak dastatzeko aukera izango dugu Bermeon eta gure herriak atunarekin duen lotura argi geldituko da gure tabernen eskaintzan ere bai, izan ere, ‘Bermeo Tuna World Capital’ da”, azpimarratu du Ormaetxeak. Horretarako, bere esanetan, “gure tabernek Bermeoko produktuak erabiliko dituzte pintxoak egiteko, Bermeoko kontserbak edo Bermeoko atun edo hegaluzea freskoa, hain zuzen ere”. 

Ekimen honetan parte hartuko duten tabernak honako hauek dira:  Ados,  Akatz,  Akelarre,  Amaia,  Andeko,  Artza,  Aspaldiko, Atxetak,  Balea,  Batun- Batun,  Beti Ondo,  Cannon,  Ipar Amets,   Kafe Loidxe,  Kasinoa, Doniene,  Eguzki,  Enara,  Etxepe,  Fruniz,  Futbol Zelaia,  Gai Sai,  Galerna,  Gastropeska, Gaztelupe,  Gure Toki,  Oker,  Irish,  Izaro,  Irrintzi, Jokin,  Joshe Mari,  Kafe Antzokia,  Kai Alde, Kofradia,  Kresala ,  Lamera,  Moderno,  Sarabanda,  Talako Berria,  Talako kantina, Taraska, Toki Alai, Torrontero, Txalaparta, Txalupa,  Txurrut,  Zokoa,  Urdaibai,  Zubi Gane. 

Irune Ormaetxeak ekimen honen garrantzia azpimarratu du. Bere ustez, oso positiboa izango da bisitari, herritar zein tabernarientzat eta herriko eskaintza turistikoa zabaltzeko ere balio izango du, gure herriak itsasoarekin, arrantzarekin eta atunarekin duen lotura azpimarratuz. Horrez gain, tokiko produktua sustatzeko balio izango du, kontserbak zein atun edota hegaluze freskoa. 

Ormaetxeak gogoratu duenez, enplegu planaren bidez, Bermeoko Udalak Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren jarraipena martxan jarri zuen, aurreko urteko emaitzak onak izan zirela kontuan hartuta. Horren barne, ‘Bermeo Tuna Pintxo Tour’ ekimena jarri da martxan.

 

‘Bermeo Tuna Pintxo tour’ proiektua martxan jartzeko, esate baterako, ostalari guztientzat ikastaro bat antolatu zen apirilean atunaren pintxo eskaintza zabalaren berri emateko eta horren prestakuntza azaltzeko. “Tabernen harrera ona izan da eta ekimen hau antolatu dugu 50 taberna ingururen parte hartzearekin”, gaineratu du. 

Ormaetxeak azaldu duenez, ‘Bermeo Tuna Pintxo Tour’  proiektua Bermeoko tabernariek eta Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren dinamizatzaileek elkarlanean landu dute. “Ordu askotako lana izan da, baina uste dugu emaitza ona izango dela, argi geldituko da Bermeo atunaren hiriburua dela, gure tabernek eskainiko duten gastronomiak eta atun edo hegaluze pintxoek horrela erakutsiko dutelako eta bisitariek eta herritarrek eskaintza hori ondo baloratuko dutela uste dugu”, azaldu du. 

Beraz, pertsona guztiak, bai herritarrak bai bisitari guztiak, ‘Bermeo Tuna Pintxo Tour’  egitera gonbidatu dituzte, “gure herriarekin eta gure gastronomiarekin eta Bermeok itsasoarekin duen loturarekin gozatzera”.

21 / 06 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0