Albistea
Urtero bezala, San Juan jaiak ospatuko dira Bermeon ekainaren 23an eta 24an, eta iazko formatuari eutsita, Bermeoko Abesbatzak eta Bermeoko Udalak elkarlanean, kalejira, ekitaldia eta sua antolatu dituzte, San Juan bezperarako. Ohikoak diren 14 atsoak ere ez dira faltako udaletxeko balkoian.
San Juan bezperako ospakizuna Talan hasiko. Bertan batuko dira, kalejiran parte hartuko duten herriko taldeetako kideak: Bermeoko Abesbatza, Alkartasuna Dantza Taldea, Gaztelugatxe Tanborrada Taldea, Bermeoko Erraldoien Konpartsa, KIETB Erraldoi Txikien konpartsa, Kankinkabara Txistu Taldea, Irrintzilariak, Ttakuntxo eta Arrekatxutxa Taldea. Denak kontuan hartuta, 200 herritar inguruk parte hartuko dute San Juan bezperako ospakizunean.
21:30ean hasiko dute kalejira. Sanjuanportalerako bidea hartu, eta bertan, geldialdia eginez, ekitaldi txiki bat egingo dute. Ondoren, Aurrekoetxeatik jaitsiko dira Baztarreraino; bertan egingo dute bigarren geldialdia. Handik porturako bidea hartuko dute, Santa Klarako eskaileretatik, eta hirugarren geldialdi bat egingo dute Nardiz Tar Benantzio kaiaren sarreran. Handik Lamerara abiatuko dira kalejirako partaideak, eta Hurtado Mendozatik (Mokoneko aldatza) igota, Talaranzko eta Bidebarrieta kaleak zeharkatuta, Goiko Plazara ailegatuko dira, 22:30ak aldera, ekitaldi nagusia hasteko; horretan, San Juan gaueko ohiturak erakutsiko dira irudi, musika eta dantzen bitartez. Horren ostean piztuko da sua. Urtero modura, Herri Babesako boluntarioak eta Bermeoko Gurutze Gorrikoak egongo dira zaintza lanetan, segurtasun neurriak betetzen direla bermatzeko.
Beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak bete aldera, San Juan bezperako sutea dela eta, Goiko Plazako sastarrak batzeko edukiontziak lekuz aldatuko dira, eta 20:00etatik aurrera hurrengo kaleak ibilgailuen trafikorako itxiko dira: Intxausti, Doniene, Bidebarrieta eta Aurrekoetxea.
Horrez gain, Bermeoko Udalak Goiko Plazako auzokideen laguntza eskatzen du, segurtasun neurriak bete daitezen. Modu horretara, balkoietako leiho eta ate guztiak zarratu eta pertsianak jaistea eskatzen da, bai eta kamaretako argizuloak ondo zarratuta daudela konprobatzea ere. Horrez gain, ezin izango da balkoi eta terrazetara irten, sua amaitu arte. Bestalde, Bermeoko Udaletik gogorarazi gura da ezin dela sutera sastarrik bota; sutera botatako sastar guztiak kendu egingo direla nabarmenduta. Sutera etxeetara bidalitako paperezko kartazalak bota daitezke edota paper txikiak. Kartazalik ez daukatenek, eta gura izanez gero, Gizarte eta Kultura Etxeko harreran hartu daitezke.
San Juan Eguna
Ekainaren 24an, astelehenean, San Juan egunean, urtero modura, mezak ospatuko dira Gaztelugatxeko San Juanen; 06:30, 07:30, 08:30, 10:30, 11:30 eta 12:30 izango dira mezak.
Bermeotik Gaztelugatxerako Bizkaibus zerbitzua (Bermeo-Bakio) orduro izango da, 07:40etik eta 20:40era. Bakiotik Bermeora, berriz, 06:45etik 20:45 bitartean izango da, orduro ere.
Bermeoko Udalak eskerrak eman gura dizkie San Juan jaiak antolatzen laguntzen duten talde eta boluntario guztiei. Era berean, herritarrei eskatzen die beharrezkoak diren segurtasun neurriak bete ditzaten.
010 (94 617 91 00)