Albistea
Abenduaren 5etik urtarrilaren 5era bitartean, puzgarriak, lasterketa, kontzertuak, Pirritx Porrotx eta Marimotots pailazoak, patinatze pista, Olentzero eta Mari Domingi, zozketak, tailerrak, azoka... egongo dira Bermeon
Ekitaldiak aurrera eramateko ezinbestekoa izan da herriko elkarteekin batera egindako elkarlana
Bermeon, 2019ko abenduaren 5ean.- Gabonak gainean ditugu eta Bermeok egun berezi hauekin lotutako programazioa aurkeztu du gaur goizean, Bermeoko Udalaren eta herriko elkarteen eskutik. Izan ere, abenduaren 5etik urtarrilaren 5era bitartean, 30 ekintzatik gora egingo dira herrian, adin tarte ezberdinei zuzendutakoak. Honela, puzgarriekin, kontzertuekin, patinatze pistarekin, zozketekin, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin, San Silvestre lasterketarekin, tailerrekin, azokarekin… disfrutatzeko aukera izango dugu egun hauetan. Ekitaldi hauek guztiak aurrera eramateko ezinbestekoa izan da herriko elkarteekin aurrera eramandako elkarlana. Jarraian, ekitaldi hauetako batzuk aipatuko dira.
Gaur bertan piztuko dira Gabonetako argiak, ekitaldi hauei guztiei hasiera emanez. Argiak pizteko aurten 25 urte bete dituen Erroxape Emakumeen Elkartea gonbidatuko da. Elkarteak emango dio hasiera Gabonetako programazioari. Zapatuan bertan, abenduak 7, Dantzatu Gurekin elkarteak antolatzen duen Gabon Aurreko Jaia egingo da Bermeoko Kafe Antzokian. Bertan, musika eta dantza karibetarrez gozatzeko aukera egongo da. Hurrengo egunean, domekan, Sollube 707 Mendizaleen Elkarteak mendi irteera antolatu du Burgoara (451m).
Otzara ederra
Abenduaren 10ean, Demiku Jubilatuen Elkarteak Gabonetako Euskal Sukaldaritza Tailerra egingo du, Elkartearen lokalean. Abenduaren 13an, elkarte honek berak, Gabonetako otzara eder bat zozketatuko bere lokalean. Egun honetan ere, Bermeoko Udalak eta Arrantzaleen Museoak antolatuta, Doinuen Artean Emakumeak Kantari ekimena egingo da. Gasteizko Luis Aranburu Musika Eskolako Abesbatzak eta Erroxape Emakumeen Elkarteko Abesbatzak ikuskizun paregabea eskainiko dute Arrantzaleen Museoan. Azkenik, abenduaren 13an ere, dantza ikuskizuna izango dugu Alicia Gallardoren eskutik. Txo Sevilla Dantza Taldeak antolatuko du ekimena Bermeoko Kafe Antzokian eta sarrera doakoa izango da.
Abenduaren 14ean ekintza berezia izango dugu Bermeon: Gabonetako Azoka. Udal Azokan bertan (10:00etatik 15:00etara) produktuak erosteko, musika entzuteko edota janari ezberdinak dastatzeko aukera izango dugu. Zapatuan ere, kirol erakustaldia izango dugu Artza Frontoian 18:00etan. Nagusien gimnasia, karatea, zumba, line dance… izango ditugu ikusgai.
Hurrengo egunean, abenduaren 15ean, Erroxapeko Martxak antolatuta, Gabonetako ekitaldia izango dugu Egoitz Alai egoitzan eguerdiko 12:00etan. Ondoren, ‘Belen Musikala’ kalejira egongo da herrian zehar. Abenduaren 16an, Bermeoko Udalak antolatuta, eguerdiko 12:00etan (Sancti Spiritus Zaharren Egoitzan) eta 19:30ean (Musika Eskolan) Gabonetako doinuak entzungai izango ditugu. Zaharren egoitzan, Arrekatxutxa triki-pandero taldeak emango du ikuskizuna eta Musika Eskolan, berriz, bertoko ikasleek. Abenduaren 17an, Santa Eufemian, Musika Eskolako taldeak Gabonetako doinuak ere eskainiko dizkigu.
Gabonetako doinuak
Abenduaren 18an, Sancti Spiritus Bermeoko Zaharren Egoitzan (17:30ean), Bermeoko Udalak antolatuta, Musika Eskolako ikasleek Gabonetako doinuak joko dituzte (Egoitzan Doinuak). 19:00etan, musika ikasle hauek Arrantzaleen Museoan ikuskizuna emango dute, Museoak berak eta Bermeoko Udalaren Musika Eskolak antolatuta (MuseunMusika). Hurrengo egunean, abenduaren 19an, Bermeoko Gabonetako Mahai Zentroen XXII. Lehiaketa egingo da Nestor Basterretxea aretoan. Zentro hauek eramateko ordutegia: 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Ekimen hau Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak egingo du. Egun berean, Erroxape Abesbatzak Sancti Spiritus Zaharren Egoitzan Gabon kantak kantatuko ditu (12:00etan). 18:30ean, Egoitz Alai Zaharren Egoitzan Musika Eskolako Koro Txikiak eta Erroxape Abesbatzak Gabonetako doinuak eskainiko dituzte. Egunari amaiera emateko, MuseunMusika ikuskizuna izango dugu, Bermeoko Udalaren Musika Eskolak eta Arrantzaleen Museoak antolatuta. Museoan bertan izango da emanaldia.
Abenduaren 20an, Nestor Basterretxea aretoan, Gabonetako Mahai Zentroen XXII. Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo da 18:00etan. Gainera, ordu berean, ipuin kontalaria (Alberto Bargos) izango dugu 4 urtetik gorako umeentzat Bermeoko Udal Liburutegian: ‘Olentzeroren txapela’. Bukatzeko, Goiko Plazatik aterako da Kanta Kanta Loruek egingo duen kalejira (20:00etan) eta, ordu berean, Bermeoko Abesbatzak Gabonetako kontzertua eskainiko du Santa Eufemia elizan.
Abenduaren 21ean, Gabonetako Mahai Zentroen XXII. Lehiaketaren harira, mahai zentroak erosteko aukera egongo da. 19:30ean, San Frantzisko elizan, Coro Rociero Maikak Gabonetako ekitaldia berezia eskainiko du.
Olentzero eta Mari Domingi
Abenduaren 24ean, 5-10 urteko umeei zuzendutako Gabonetako tailerrak izango ditugu Arrantzaleen Museoan 11:00etatik aurrera. Eta, egun berean, nola ez, Olentzero eta Mari Domingi izango ditugu bai Udal Azokan (11:30-14:30) eta, baita, Goiko Plazan. 17:30ean Olentzero eta Mari Domingiren kalejira hasiko da eta 30 minutu geroago, Goiko Plazara iritsiko dira. Gainera, plazan bertan, txokolatada, jolasak, Gabon kantak, bertsolariak, txalaparta… egongo dira, egun berezi honi giro aparta ipintzeko. Antolatzaileak Olentzeroren Laguntzaileak eta Bermeoko Udala izango dira.
Abenduaren 25ean, Eguberri Meza abestua izango dugu San Frantzisko Elizan 13:00etatik aurrera. Antolatzailea Izaro Abesbatza izango da. Abenduaren 26 eta 27an, Arrantzaleen Museoan, Gabonetako tailerrak izango ditugu, denak 5-10 urteko umeei zuzendutakoak. 26an ere, 20:00etan, Izaro Abesbatzaren 25. urteurreneko ekitaldia ospatuko da San Frantzisko elizan. Eta, 27an bertan, Bermeoko gazteenek gogoz espero dituzten pailazoen ikuskizuna izango dugu: Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en ‘Bizi Dantza’. Antolatzailea Bermeoko Udala izango da.
III. San Silvestre Lasterketa:
Abenduaren 29an III. San Silvestre Alkartasun Lasterketa antolatu du Eutsi Gogor Danok Batera Elkarteak (EGDB). Hasiera Olatuan izango da eta, bukaera, Lameran. Dortsalak 3 euroan eskuratu ahal izango dira abenduaren 20tik 28ra. Aurten batuko den dirua EGDB elkartearentzat eta herriko beharrizan bereziak dituzten umeentzat izango da. Lasterketak ibilbide ezberdinak izango ditu: 500m, 2km eta 4km. Abenduaren 30ean, Gaztelugatxen urteko azken meza egingo da.
Gainera, abenduaren 22, 24, 29, 31 eta urtarrilaren 5ean, puzgarriak izango ditugu igerilekuan 11:00etatik 13:45etara. Abonatuak euro 1 eta abonatu ez direnak, 2 euro. Antolatzailea Bermeoko Kirol Patronatua izango da. Gainera, Gabonetako Eskubaloi Txapelketa (abenduaren 27, 28, 29 eta 30ean) eta Gabonetako Esku Pilota Txapelketa ere (abenduaren 24 eta 31an) izango ditugu.
Herritarrek ere izotz pistarekin gozatzeko aukera izango dute (abenduaren 27tik urtarrilaren 6ra) eta, gainera, Behargintzatik ere Gabonetako II. Erakusleiho Lehiaketa bideratuko da. Bermeoko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa abenduaren 9tik 18ra izango da eta epe horretan herritarrek euren botoekin erakusleiho ederrenak aukeratzeko eta, bide batez, 38 establezimendu parte-hartzaileetan gastatzeko 500 euroko zozketan parte hartzeko aukera izango dute.
Bukatzeko, urtarrilaren 5ean Erregeen Kabalgata izango dugu. Erregeak itsasontziz iritsiko dira portura eta bertatik hasiko da desfilea. Ekitaldia BUDEK elkarteak antolatu du Bermeoko Udalarekin batera.
010 (94 617 91 00)