Albistea
Bermeoko Udalak eta Herri Babesak, Sustapen Ministerioaren 62/2008 Errege Dekretua kontuan hartuta, Madalen Egunean, uztailaren 22an, itsas jaian parte hartuko duten itsasontziei bertan jasotzen diren segurtasun neurriak betetzeko eskatu die.
Horrela, Bermeoko Udalak eta Herri Babesak gogoratu dutenez, Sustapen Ministerioaren neurriek honakoa adierazten dute: itsas jaian ezin izango dute parte hartu lau metroko luzera baino gutxiago duten itsasontziek, belaz nabigatzen ari diren itsasontziek, arraunez mugitzen diren itsasontzi edo tresnek (piraguak, kayak, paddle surf tablak…), beste era bateko ur gaineko tresnek, ezta ere sei metro baino gutxiagoko itsasontzi pneumatikoek edo ur motoek, segurtasun taldekoak direnak izan ezik.
Horrez gain, itsasontzietako aforoa errespetatu behar dela eta gutxienez ontzian dagoen pertsona bakoitzeko salbamendu-jaka bana izan behar dutela adierazi dute. Era berean, Izaro inguruan, alkateak teila botatzen duen momentuan, itsasontziei euren arteko distantziak errespetatzeko eskatu die.
Ildo berean, gogoratu dutenez, “itsasontziek seguruak eguneratua, dokumentazioa behar bezala eta salbamendu eta segurtasun baliabideak eguneratuta izan behar dituzte”. “Itsas zirkulazio eta segurtasun arautegia ere bete behar dute”, gaineratu dute.
Errege Dekretuak ezartzen duenez, “kaian atrakatzeko eta irteteko maniobrak pixkanaka egingo dira, gertu dauden itsasontzien aldibereko maniobrak ekidituz”. “Bidaian, ontzian edo beste ontzi batean dauden pertsonen segurtasuna arriskuan jarriko duen maniobrarik ez da egingo”, gaineratzen du. Horrez gain, itsasontziak segurtasunezko VHF 73 kanalera konektatuta egon behar dira koordinatzailearen argibideak jarraitzeko.
“Garrantzitsua da neurriak betetzea jaietan segurtasuna bermatzeko”, adierazi du Bermeoko Udalak eta Herri Babesak.
010 (94 617 91 00)