Albisteak

Albistea

Gaztedi Busturialdeak eskualdeko bosgarren enpresa ideia lehiaketa jarri du martxan

 

 

Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udaletako gazteria zerbitzuek, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Busturialdeko V. Enpresa Ideia lehiaketa jarri dute martxan, bosgarren urtez jarraian. Lehiaketak enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea du helburu. Aurreko lau edizioetan, guztira, 75 enpresa eta enpresa ideiatik gora aurkeztu ziren. 

Eskualdeko gazteak lan mundura sartzea ahalbidetzen duen "Lana bilatzea, Lana da" programa Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatuta dago eta lehiaketaren bosgarren edizio honek beren ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera eskaintzen die Busturialdeko gazteei. 

Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketaren helburuak, besteak beste, eskualdean ekintzailetza kultura hedatu, Busturialdean lana eta aberastasuna sortu, eskualdeko ekonomia sustatu eta enpresa proiektu onenak saritzea dira. 

Aurreko urteetan bezala, lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, beti ere, aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Halaber, posiblea da enpresa ideia edo 2018an sortutako enpresa bat aurkeztea.

Epaimahaiak jarraian adierazitako irizpide, meritu eta elementuak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuetan:

  • Izaera berritzailea: balio erantsia edukitzea edota originala izatea.
  • Enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea.
  • Lantalde sustatzailearen gaitasuna (profil egokiak) proiektua arrakastaz garatu eta martxan jartzeko.
  • Proiektua Busturialdean gauzatzeko aukera edo eskualdera egokitzekoa.
  • Proiektuaren garapen- eta deskribapen-maila.
  • Proiektuaren jasangarritasuna (ingurumenari zein ekonomiari dagokienez).
  • Gizarte-eragina. 

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek azaroaren 9ko 14:00ak arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko. Sari-banaketa abenduaren 13an izango da, 19:00etan, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. 

Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 eurokoa eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro jasoko ditu, aurreko sarietako baten bat jaso ez badu. Gainera, lehen eta bigarren sarituei Arratzuko Elkartegiko langune bat doan itziko zaie urte batez. Hala ere, epaimahaiaren aburuz ideiek ez badute gutxieneko maila, sariak eman gabe geratu ahalko dira. 

Informazio gehiago lortzeko eta izen-emate orriak batu eta entregatzeko Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetara edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegora jo behar dute interesatuek. Halaber, www.gaztedibusturialdea.eus webgunean ere informazio osoa eta izen-emate orriak lortu daitezke. Izen-emate orri horiek eta beharrezko dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko dira, arestian aipatu zerbitzuetan.

 

2017ko irabazleak

Joan zen urtean, Trustletters izeneko ideiak eraman zuen 3.000 euroko lehenengo saria. Trustletters-ek erabiltzaile egiaztatudun posta elektronikoko zerbitzua proposatzen zuen. Ideiaren sortzaileak, Aritz Urriolabeitia muxikarra eta Eneko Uriarte izan dira.

Bigarren saria, 2.000 eurokoa, Hil Argi izeneko proiektuak jaso zuen. Hil Argi kooperatibak heriotza onaren eskubidearen mesedetan gizartearen beharrizanei erantzuteko proiektua da, hileta laikoen zerbitzua, alegia. Jon Ander Urresti bermeotarra, Maite Aizpurua zumaitarra eta Aitane Goñi meñakarra izan dira ideiaren sortzaileak.

Lehen sektoreari lotutako saria Errigoitin kokatutako Oraska artisau-ogi ekologikoa egiten duen Oraska lantegiak eraman zuen. Maddi Amezaga (Errigoiti) gaztea izan da ideiaren sortzailea.

 

21 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0