Albistea
Bostale, Bermeoko ostalaritza elkarteak, antolatuta, bihar, zapatuan, martxoaren 30ean, Bermeoko IV. Lapiko eta Putxera txapelketa izango da Bermeoko Goiko plazan. Lehiaketa honetan parte hartzeko indaben lapikua prestatu behar da.
Parte-hartzaileak Alde Zaharrera 8:00etatik aurrera sartu ahal izango dira eta txapelketa egunean izena emateko Kabidxen (Goiko plazan) goizeko 10:00etan aurkeztu beharko dira. Izena ematea 4 euro izango da.
Indabak prestatzeko hiru barietate edo motak erabili daitezke: tolosarra, pinta eta Bizkaiko tolosarra. Horrez gain, patata, barazki, urdai eta txorizoa gehitu daitezke. Aurkeztu beharreko kantitate minimoa kilo bat izango litzateke. Osagarriak betikoak onartuko dira: txorizoa, odolosteak, urdaia, txarri produktuak, saiheskia eta behi magala. Ez da derrigorrezkoa guztiak erabiltzea, baina bai lehen hirurak.
“Indabak lapiko edo kazoletan bakarrik prestatu daitezke, presio-lapikoetan egindakoak kanporatuta geratuko dira”, ohartarazi dute. Jende aurrean prestatuko dira eta gasa, ikatza zein egurra erabiliz prestatu ahal izango dira. Txokoetan prestatu daitezke, antolatzaileen kontrolpean izanez gero.
Indabak eguerdiko 13:00 -13:30ak bitartean aurkeztu beharko dira, beranduago eginez gero deskalifikatuta geldituko baitira. Lehiaketa hau antolatzeko, besteak beste, Jon Peli Hormaetxe sukaldariaren laguntza dute.
Sariei dagokienez, lehenengo saria 200 euro, txapela eta sari bat izango dira, bigarrena 150 euro eta saria eta hirugarrena 50 euro eta saria. 4.etik 10.era sari bereziak egongo dira.
Putxera lehiaketaz gain, kartelan agertzen diren Bostale elkarteko tabernek euro bateko tiketak dituzte zozketa batean parte hartzeko. Irabazleak putxera bat eta lapikoa prestatzeko primerako produktuak irabaziko ditu. Zozketa Goiko plazan egingo da putxera lehiaketaren sari banaketaren ostean.
Hortaz, pertsona guztiak animatu nahi ditugu lehiaketa honetan parte hartzera”, adierazi du Bostalek. “Giro aparta izango dugu bihar zapatuan Bermeon”.
010 (94 617 91 00)