Albisteak

Albistea

Euskal Jazz bandak Bermeoko XXI. Jazzaldiko protagonistak ekainaren 30etik uztailaren 6ra

• Jazzber eskualdean egiten den jazz jaialdi bakarra izanik, erreferentea izatea lortu du eta 21. edizioa ere arrakastatsua izatea espero dute antolatzaileek

 

• Jazz mundua herriari hurbildu nahi diete Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz taldeak jaialdi honen bidez

 

• Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra (EIJO), Trizak, Pepe Zaragoza Quintet eta DND Swing Band-a Bermeoko Jazzaldian

 

• Bermeok musika jaialdietarako plaza garrantzitsua izan nahi du

 

Euskal jazz bandak izango dira nagusiki Bermeoko XXI. Jazzaldiaren protagonistak ekainaren 30etik uztailaren 6ra. Aingeru Astuik, Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak, eta Joseba Verdesek Jizz-jazz taldearen kideak, azpimarratu dutenez, “Jazzber eskualdean egiten den jazz jaialdi bakarra izanik, erreferente izatea lortu du eta 21. edizioa ere arrakastatsua izatea espero dugu”. 

Azaldu dutenez, Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz taldeak Jazzberrekin lortu nahi dituzten helburuak dira Busturialdean jazz musika zaletasuna eta ezagutza bultzatzea, jazz mundua herrira hurbiltzea eta jazz musikaren joera berrienak ezagutaraztea. Gainera Jazzberren beste xede garrantzitsua da  “sortzaile gazteak bultzatzea”, azpimarratu dute. 

Aipatutako helburu horiek lortuko dituztela uste dutela adierazi dute Astuik eta Verdesek XXI. Jazzaldia aurkezteko prentsaurrekoan; izan ere, Jazzberrek kalitatezko programa oso erakargarria eskainiko du, euskal jazz banden presentzia indartuz aurtengo edizioan. “Euskal Herrian talde oso onak ditugu eta Bermeoko Jazzberra euren lana herriari aurkezteko eszenatoki ezin hobea dela uste dugu”, nabarmendu dute. 

Eskaintza zabala 

Horrela, Bermeoko XXI. Jazzaldiak ekainaren 30etik uztailaren 6ra lau kontzertu eskainiko ditu, eta honako hauek izango dira parte hartuko duten taldeak: EIJO, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra; bermeotar batek sortutako Trizak taldea, Valentziako Pepe Zaragoza Quintet boskotea eta Gasteizko DND Swing Band-a. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira 20:30ean eta sarrera doan izango da. 

Jazz jaialdia ekainaren 30ean, zapatuan, hasiko da EIJO, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak, eskainiko duen kontzertuarekin. Euskadiko musika eskola eta kontserbatorietako ikasleek osatutako EIJOk jazz musikarekin gozatzeko aukera eskainiko du big band formatuan. Orkestra hori hogei musikari gazteek osatzen dute, euren artean bermeotar bat,  Roberto Pachecoren zuzendaritzapean eta Gorka Benitez edo Ruben Salbador artista profesionalen laguntzarekin. “Kontzertu horrekin gazteen sormenarekin eta bat-batekotasunarekin ondo pasatzeko aukera izango dugu”, adierazi dute. 

Uztailaren 4an, eguaztenean, Trizak hirukotearen txanda izango da Kafe Antzokian 20:30ean. Jon Piris bermeotarrak bultzatutako proiektu horrek ohikoa ez den hirukote bat batzen du: saxoa (Julen Izarra), kontrabaxua (Jon Piris) eta bateria (Hasier Oleaga). Taldekideak hainbat jazz talde eta bestelako musika motako taldeetako partaide izan dira. Trizaken errepertorioan inprobisaziotik sortutako musika da nagusi eta, horreal, jazzaren bat-batekotasunarekin gozatzeko aukera izango dugu kontzertuan”, esan dute. 

Pepe Zaragoza Quintet Valentzian sortutako boskotea  da. Hamarkadako musikak erakarrita eta Joen Henderson-en boskotea erreferentzia gisa hartuta, proiektua batzeko eta formalizatzeko erabakia hartu zuten. “Errepertorioa gaur egungo eta beste garai batzuetako erreferentziazko gaietan oinarrituta dago eta, gure ustez, kontzertu interesgarria eskainiko dute uztailaren 5ean, eguenean,”, adierazi dute. Getxoko Jazz jaialdian parte hartu ondoren, Bermeoko Jazzaldian egongo da boskote hau. 

DND Swing Band-ek eskainiko du jazzaldiaren azken kontzertua uztailaren 6an, ostiralean, Kafe Antzokian 20:30ean. Sonia Vera talde-liderraren eskutik, Gasteizko DND Swing Band-ek aukeratutako doinu ezagunek, ibilbide alai, dinamiko eta erromantikoa islatuko dute eta amaiera “ezin hobea” emango diote aurtengo Jazzberreri. 

Aingeru Astuik eta Joseba Verdesek gogoratu dutenez, Bermeoko Jazzaldiak, Bermeo eta inguruko herrietako jazz musika zaletuei eta musika zaleei orokorrean, kontzertuekin gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera ematen die. Jazzber jaialdia Bermeoko Udalak,  Jizz-Jazz Kultur Taldearekin batera antolatzen du. Laguntzaileak Bizkaiko Foru Aldundia, Oizmendi Telebista eta Itsuki Irratia dira. 

Hori dela eta, Astuik eta Verdesek pertsona guztiak XXI. Jazzber honetan parte hartzera eta kontzertuekin disfrutatzera gonbidatu nahi izan ditu. Astuik eskerrak eman dizkio Jizz Jazz taldeari jaialdi hori eskualdean erreferentea izatea lortu duelako eta urterik urtera kalitatezko programa lortzeko lan handia egiten duelako. 

Amaitzeko, Astuik Bermeok “musika jaialdi garrantzitsuen plaza” izan nahi duela azpimarratu du, “estilo ezberdinetako taldeak erakarriz”.  “Gure helburua da herritarrak kulturaren parte eta jabe izatea eta, hori lortzeko, gakoa Udalaren eta herriko taldeen arteko elkarlana da”, nabarmendu du.

 

 

22 / 06 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0