Albisteak

Albistea

Mexiko, Italia eta Valentziako taldeak Bermeoko Nazioarteko XXXII. Folklore jaialdian abuztuaren 11n, zapatuan

 

 

Mexikoko, Italiako eta Valentziako dantza taldeek Bermeoko Alkartasuna dantza taldearekin batera parte hartuko dute abuztuaren 11n, zapatuan, izango den Nazioarteko XXXII. Folklore jaialdian. Alkartasuna dantza taldeak Bermeoko Udalaren laguntzarekin antolatzen duen jaialdia gaueko 21:00etan hasiko da Artza Frontoian. 

Egoitz Barrenak, Arantza Ormazak eta Ainhoa Begoñak Alkartasuna Dantza Taldeko ordezkariek eta Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Alkartasuna dantza taldeak 1986. urtetik antolatzen duen Nazioarteko Folklore jaialdia. 

Alkartasuna dantza taldeko kideek azpimarratu dutenez, Folklore jaialdiaren helburua da euskal folkloretik aparte, atzerriko folklorea ezagutu eta erakustea eta Bermeoko ohiturak eta kultura beste herri batzuei ere ezagutaraztea. “Horrez gain, taldeko kideak beste herrialde batzuetako dantza taldeekin egoteko aukera dute elkarrenganako ezagutza bultzatuz”, adierazi dute. 

Aurtengo jaialdian, Mexikoko Compañía de Danza de México Pilahutli Toyolotl taldeak parte hartuko du herrialde honetako dantzak erakutsiz. Era berean, Italiako Aria Di Casa Nostra taldearen dantzekin disfrutatu ahal izango dugu, eta Valentziako Asociación Cultural L´Aljama de Bétera taldearen dantzak ere ikusi ahal izango dira. Eta, zelan ez, Bermeoko Alkartasuna dantza taldearen dantzak ere ikusgai izango ditugu. 

Mexikoko Compañía de Danza de México 22 lagunek osatutako taldea da eta Mexikoko dantza talde biren arteko fusiotik sortu da, indar handiagoa duen lana aurkezteko helburuarekin. Musikari dagokionez, danborrak, haize instrumentuak eta gitarrak entzuteko aukera izango dugu haien ikuskizunean. 

Italiako Aria Di Casa Nostra taldea Alatri izeneko herritik datoz. 1950. urtean sortu zen taldea eta, gaur egun, 35 dantzarik eta musikarik osatzen dute. Europa eta Amerikan zehar ekitaldi ugari izan dituzte eta, era berean, hainbat sari lortu dituzte. Talde horrek ere abuztuan jaialdi ospetsu bat antolatzen du, ‘Festival Folclórico Internacional Flavio Fiorletta’, hain zuzen ere. Aria Di Casa Nostra taldeak akordeoi txiki eta panderoak lagunduta dantzatzen dute. 

Valentziako Asociación Cultural L´Aljama de Bétera taldeari dagokionez, 2004. urtean sortutako talde berri bat da, 28 lagunek osatutakoa. Campo de Turia eskualdean kokatutako Bétera herritik datoz (23.000 biztanle ingurukoa). Euren ikuskizuna instrumentuz beterik eskainiko digute: biolinak, flautak, klarinete, gitarrak… 

Bermeoko Nazioarteko XXXII. Folklore jaialdiko sarrera  3 euro izango da eta leihatilan eskuratu ahal izango da egunean bertan, hau da, abuztuaren 11n, zapatuan.                        

Urte hauetan guztietan, besteak beste Serbia, Siberia, Polonia, Grezia, Alemania, Austria, Espainia, Portugal, Hungaria, Italia, Txekia, Kolonbia, Txile, Mexiko, Argentina eta Martinika Irlako taldeek parte hartu dute Folklore Jaialdian. Horri esker, Alkartasuna dantza taldeak Bermeoko izena eta euskal folklorea herrialde horietan zabaltzeko aukera izan du. 

Egoitz Barrenak,  Arantza Ormazak, Ainhoa Begoñak eta Aingeru Astuik pertsona guztiak animatu dituzte Bermeoko Nazioarteko XXXII. Jaialdian parte hartzera; izan ere, atzerriko eta euskal dantzak eta kultura ezagutzeko eta horiekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du. 

06 / 08 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0