Albisteak

Albistea

Ospatuko ez diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskatzen die Udalak

-Jai giroa ekidin eta osasun neurriak bete asmoz, udalak ez du ezelako ekimenik antolatu eta ez du baimenik eman egunotan ekitaldirik eta antzekorik egiteko

-Irailaren 7tik 16ra bitartean, irailaren 9an (Arrantzale eguna) eta asteburuan bereziki, Bermeoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kontrola handituko dute jende pilaketak saihestu asmoz

Bermeon, 2021eko irailaren 03an.- Jakina denez, aurten ere ez da Andra Mari eta Santa Eufemia jairik ospatuko. Hori horrela, herritarrei eta herriko establezimenduei arduraz jokatzeko eskatzen die Udalak. Osasun eta segurtasun neurriak zorrotz bete behar direla gogorarazi nahi die pandemia egoeran jarraitzen dugulako. Udalak gainera, herriko ostalaritza establezimenduei jai girorik ez bultzatzeko eskatzen die bereziki.

Irailaren 7tik 16ra bitartean, Arrantzale egunean (irailak 9) eta asteburuan bereziki, Udalak neurri zorrotzak hartuko ditu egoera kontrolatzeko. Izan ere, Udalak koordinazio bilera izan zuen atzo Ertzaintza eta Udaltzaingoarekin hartu beharreko neurriak zehaztu eta antolatzeko.

Bi estamentuekin elkarlanean, indarrean dauden osasun neurriak behar bezala betetzen direla egiaztatuko da. Hori gauzatzeko, Udalak, egunotarako udaltzaingoaren zerbitzuak indartu egingo ditu eta kalean presentzia eta kontrola handituko dute.

Bermeoko alkate Aritz Abaroak azpimarratu duenez, “guztion erantzukizuna da tamalez ospatuko ez diren jai hauetan jende pilaketak saihestu eta osasun neurriak errespetatzea. Garrantzitsua da jai girorik ez sortzea eta horretarako eragile guztiei arduraz jokatzeko deia luzatzen diegu. Elkarlanean jardun behar dugu, bide honetan guztiok elkarrekin goazelako, kolaborazioa funtsezkoa da ”.

Bukatzeko, irailaren 7tik 16ra bitartean, Udalak ez du inolako ekimenik antolatu eta ez du baimenik eman ekitaldiak edo antzekoak burutzeko eta herritarren lankidetza eskatzen du, bide publikoetan edo leku itxietan edozein pilaketa saihesteko. “Boteiloia” egitea guztiz debekatuta dagoela eta ostalaritzako establezimenduei ezarritako arauak zorrotz bete behar dirala gogorarazten du. Zabor-bilketa eta Bermibusa zerbitzuak ohiko moduan eskainiko dira, ez horrela jai egunetan gauzatzen diren eran. Aipatu zerbitzuak beraz, normaltasunez arituko dira.

03 / 09 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0