Albisteak

Albistea

Iazko Madalen Eguneko teila ikusgai Bermeoko Arrantzaleen Museoan

  • Gaurtik aurrera, teila eta udalbatzak Bermeoko mugak berresteko sinatzen duen akta Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen Museoko erakusketa iraunkorreko parte izango dira, Madalenaren egunak udalerriarentzat duen garrantzia nabarmenduz eta udalerriko ondare kultural tradizionala balioan jarriz

Bermeon, 2022ko uztailaren 21ean.- Iaz, lehen aldiz, ez zen Madalen Egunean teilarik bota Bermeoko ipar-ekialdeko mugak berresteko. COVID-19ak sortutako pandemiaren datuak oso kezkagarriak ziren -gaixotasunaren transmisioa oso altua zen- eta Udaleko bozeramaileek, alkateak berak eta kultur zinegotziak aho batez adostu zuten urtero egiten den ekimenik ez egitea. Hala ere, eta sinbolismoz betetako ekitaldi xume batean, Udalak Txindurza baserriko teila eta urtero sinatzen den mugak berresteko akta Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen  museoan bertan sinatzea eta museoari dohaintzan ematea erabaki zuen.

Bada, gaurtik aurrera museoko erakusketa iraunkorreko parte izango dira, Madalenaren egunak udalerriarentzat duen garrantzia nabarmenduz eta herriko ondare kultural tradizionala balioan jarriz. Izan ere, Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Lorea Bilbaok Txinduza baserriko teila eta akta bera ikusgai daudela jakinarazi dute.

Itsasoratu ez zen iazko teila sinbolismoz beteta dago, gainera. Iaz, 500 urte bete ziren Juan Sebastian Elkanok lehen mundu bira itsasoz burutu zuenetik. Getariako semearekin Bermeoko zazpi tripulatzaile izan ziren. Guztietatik, bi herritarrek osatu zuten munduko lehen itzulia, Akurio kontramaisuak eta Pedro de Chindarza txo-ak. Hori horrela, txo-aren jaiotetxea zenaren eta oraindik Almike auzoan zutik dagoen Txindurza baserriko teila izan zen uretara botatzea aurreikusita zegoena eta pandemiaren ondorioz Udalak dohaintzan ematea adostu zuena.

Arrantzaleen Museoak Madalen Eguneko jaiaren tradizioari buruzko azalpen bat emango die bertaratzen diren guztiei. Ordutegia 10:00etatik 15:00etara izango da eta sarrera doakoa.

26 / 07 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0