Albistea
Bihar, barikuan, irailaren 27an, abiatuko dira Bermeoko San Migel auzoko jaiak, eta astelehenera bitartean (irailak 30) hainbat ekitaldirekin disfrutatzeko aukera eskainiko dute; besteak beste, mus eta tortilla lehiaketak, umeentzako jarduerak, herri kirolak, Gauargi erromeria, Josepa kale kale eta Kanta kanta loruen kantaldiak…
Bihar, barikuan, mus lehiaketa hartuko du San Migel auzoak; 20:30ean hasiko bada ere, parte hartu gura dutenek 20:00etan eman beharko dute izena. Lau sari banatuko dituzte: 1.000 eurokoa izango da lehenengo saria, eta 300, 100 eta 40 eurokoak izango dira besteak.
Zapatuan, 12:00etan hasiko dira herri kirolak eta ordu erdi beranduago eman beharko dute izena, tortilla lehiaketan parte hartzeko asmoa daukaten horiek. Tortillak, berriz, 14:30ean aurkeztu beharko dira, eta epaimahaiak guztiak dastatu ostean banatuko dituzte sariak. Tortillak prestatu bitartean, Josepa kale kaleko abeslariek girotuko dute auzoa euren kantaldiarekin.
16:30ean, umeentzako jolasak egongo dira: puzgarriak, aurpegi margoketa, jolasak, dantzak… eta 20:00etan, berriz, Gauargi erromeriak umeak dantzan jarriko ditu. Tartean bertaratutakoek bakon frijitua dastatu ahalko dute, eta zozketak ere egingo dituzte. 21:30ean, hasiko da Gauargirekin erromeria, eta horren ostean egunari amaiera borobila emateko karaoke gaua antolatu dute.
Domekan da San Migel Eguna, eta girorik ez da faltako. Goizean zehar auzora bertaratuko dira Kanta kanta loruekoak auzoa kantuan jartzeko, eta auzotarren bazkaria ere santuaren egunean bertan izango da. Arratsaldean, berriz, 17:00etan, meza entzuteko aukera egongo da.
Astelehenean, irailaren 30ean, San Jeronimo egunean amaituko dituzte jaiak, 12:30ean izango den mezaren ostean, kinitoa banatuko dute.
San Migel auzoko jaiak Mikeltarrak jai batzordeak antolatzen ditu Bermeoko Udalaren laguntzarekin. Bermeoko Udalak San Migel auzoko bizilagunei jai zoriontsuak opa dizkie, eta herritar guztiak gonbidatu ditu jaietan parte-hartzera.
010 (94 617 91 00)