Albistea
Bermeoko Udaltzaingoak herritarrei hainbat aholku eman dizkie lapurretak saihesteko helburuarekin. “Ez dago alertarako arrazoirik, baina, Udaltzaingoa, Ertzaintzarekin batera, prebentzio lanak egiten ari da eta, lan horren barne, neurri batzuk hartzeko eskatu die herritarrei lapurretak saihesteko”, adierazi du Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Segurtasun zinegotziak.
Aholkuei dagokienez, Udaltzaingoak atea irekitzerako orduan arreta izateko eskatu du eta ezezagunei eta kontratatu ez diren enpresei aterik ez irekitzeko eskatu du. “Ez baduzu inolako zerbitzurik kontratatu, eta enpresa pribatu baten izenean etxera deitzen badute, aterik ez irekitzea aholkatzen dugu”, adierazi du Ibarrolazak.
Ildo horretan, Bermeoko hainbat etxetan ustez lapurrek egindako markak aurkitu dituztela azaldu du, esate baterako, silikona tirak ateetan itsatsita. Herritarrek euren etxeetan horrelako edo bestelako markak ikusten badituzte jarraian 092 zenbakira deitzeko eskatu du Ibarrolazak, Udaltzaingoak ikerketa egin ahal izateko. Era berean, edozer gauza arraro sumatzen badute, herritarrek segituan 092 telefonora deitzeko eskatu du.
Udaltzaingoa, Ertzaintzarekin elkarlanean ari da lapurreten aurrean prebentzio lanak egiteko eta hainbat ikerketa abiarazi dituzte.
010 (94 617 91 00)