Albisteak

Albistea

728 bermeotarrek adierazi dituzte euren lehentasunak 2022ko aurrekontua garatzeko

-Iaz martxan jarritako prozesu parte hartzailearekin alderatuta, nabarmen igo da herritarren parte hartzea

-Adierazitako lehentasunak 2022ko aurrekontua diseinatzerakoan kontua izango ditu Udal Gobernuak

Bermeon, 2021eko urriaren 25ean.-  Bermeoko Udalak 2022ko aurrekontua garatzeko prozesu parte hartzailea abiarazi zuen irailaren hasieran. Bada, 728 herritarrek euren iritzia adierazi dute, iaz baino bost aldiz gehiagok. Udalak, bermeotarren lehentasunak zeintzuk diren jakin eta, gainera, gazteen parte hartzea sustatu nahi zuen. “Oso pozik gaude izandako parte hartzearekin eta 45 urtetik beherako bermeotar askok euren iritziak adierazi dituztelako. Oso garrantzitsua da guretzat honelako datuak izatea. Oro har, gure helburuak bete ditugu eta jasotako herritarren lehentasun hauek 2022ko aurrekontua diseinatzerakoan kontuan izango ditu udal gobernuak”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Aurten, bermeotarrek hiru bide izan dituzte prozesu honetan parte hartzeko: etxe guztietara bidali zen inprimakia betez eta Liburutegian, Berhazen edo Kultur Etxean entregatuz (201 pertsonak erabili dute aukera hau), email bidez osatuz (7 pertsona) edota Google Form bat betez. Azken bide hau izan da erabiliena. Izan ere, 520 pertsonek aukeratu dute. “Aurten lehen aldiz zabaldu dugu aukera hau eta emaitza oso ona izan da. Gure helburua zen ahalik eta erraztasun handienak ematea eta uste dugu lortu dugula. Teknologia berriek eskaintzen dizkiguten abantailak aprobetxatu behar ditugu”, esan du Abaroak.

Parte hartzaileen profilari dagokionez, %54ak 45 urte baino gutxiago zituen, %33 46 eta 65 urte bitartekoak izan dira eta %13ak 66 urtetik gorako bermeotarrak izan dira. Azkenik, lehentasunak adierazi dituzten herritarren %52 emakumezkoak izan dira, %47 gizonezkoak eta %1 ez binarioak.

Bi ariketa erraz:

Parte hartze prozesuko inprimakiak bi ariketa erraz planteatzen zituen. Alde batetik, Udal Gobernuak 2022an gauzatu zitezkeen 11 proiektu aurkezten zituen eta herritarrak bere lehentasunen arabera puntuatu behar zituen. Bestalde, bigarren ariketa modura, parte hartzaileak Bermeo eta bermeotarrentzako onuragarriak izan zitezkeen ekintza edota proiektuak planteatu zitzakeen, modu irekian.

Lehen ariketan hauek izan dira bermeotarrek adierazitako lehentasunak (garrantziaren arabera ordenatu dira. 1 garrantzitsuena eta 11 garrantzi gutxiago duena):

1-      Bakarrik bizi diren adineko pertsonen jarraipenerako programa

2-      Herriko gune desberdinetan asfaltatze lanak

3-      Herri eskola eta Benito Barruetako patioak zabaldu eta aisialdiko gunea egokitu

4-      San Martinen aire zabaleko kirol gunea sortu

5-      Lamerako lurzorua konpondu

6-      Lameran komun publiko berria jarri

7-   Bermibus geltokietan itxaron-denborari buruzko informazio panelak jarri

8-      Alde zaharreko zenbait gunetan muralak margoztu

9-      Artzako biribilgunetik Erreten Lamerara arteko gunea egokitu eta edertu

10-   Bizkaiko Jaurerria kalea egokitu eta edertu

11-   Udal web orri berria diseinatu eta martxan jarri

 

Bestalde, bigarren ariketan, bermeotarrek proiektu ezberdinak planteatu dituzte eta 15 multzo nagusitan elkartu dira, gaiaren arabera (planteatutako zenbait gai ez dira Udalaren eskumenekoak. Kasu horietan Udalak dagozkion instituzioekin jarriko da harremanetan):

-   Txakurrak. Besteak beste, txakurren kudeaketa zorrotzagoa egitea, herria gorotz eta txizatatik libratzea, eragiten duten zikinkeriari irtenbidea ematea, gune zehatzak zehaztea…

-    Osasun Zentroa. Besteak beste, herrian Osasun Zentro integral baten beharrizana adierazi dute herritarrek, espezialista gehiago dituena eta herritik irten gabe beharrizanei irtenbidea ematen diena.

-   Irisgarritasuna. Besteak beste, igogailuak eta eskailera mekanikoak ezartzea, muga arkitektonikoen desagerpena, espaloien egokitzapena edo baranda desberdinen ezarpena.

-    Kirol guneak. Besteak beste, kirola kalean egiteko azpiegiturak eta gune estaliak izatea, padel instalazioak jartzea, txirrinduak garbitzeko gunea sortzea, atletismoko pista zein Hermanuetako instalazioak berreskuratzea…

-    Aparkalekuak. Besteak beste, Pergolako aparkalekuak seinaleztatzeko beharrizana eta dauden plaza libreen kudeaketa egokia egitea, herritarrei erreserbatutako aparkalekuak sortzea…

Garbitasuna. Besteak beste, herriko gune guztiak modu berean garbitzea edota garbitzeko erabiltzen diren makinak hobetzea, euren zarata maila jaitsiz.

-    Bainurako guneak. Besteak beste, Atxetak egokitzea, mareen piszina bat egitea, Tonpoi eta Talape egokitzea… horrekin batera, uretako jolas guneak ezartzea herriko plazetan edo Lameran.

-    Alde Zaharra. Besteak beste, gune honetako garbitasuna indartzea, ekintzak programatzea, itxura hobetzea (loreak, muralak, iluminazioa), espaloiak kentzea, oinezko gune bilakatzea, telefono eta elektrizitate kableak lurperatzea…

-   Umeentzako ekintzak eta gune estaliak. Besteak beste, jolas guneetako mantentze lana bermatzea, ekintza desberdinak sustatzea, skate park bezalako instalazioak estaltzea, Udalak dituen lokal hutsak umeentzako ekintzetara bideratzea, Txiki-park baten beharrizana...

-    Futbol zelaia. Futbol zelaiko instalazioak egokitzea eta zelaiak berritzea.

-    Adineko pertsonei erraztasunak. Besteak beste, baldosak konpontzea, zaurgarritasun egoeran daudenei jarraipen lana egitea, tramiteak eta kontsultak egiteko ordenagailuak eskuragarri jartzea …

-    Mantenua. Besteak beste, auzoetan asfaltatze lanak egitea, Gonzalo Nardiz enparantzaren konponketa lanak burutzea, Hermanoetako instalazioen mantentze eta berriztatze lanak egitea…

-    Portua. Besteak beste, gune honetan ibilgailuen kudeaketa berri bat egitea (oinezko gune bihurtzea, adibidez), baldosak konpontzea…

-    Bidegorriak. Besteak beste, Bermeo - San Juan ibilbidean, Artike auzora doan errepidean, Talatik Aritxatxura doan tartean… bidegorriak egitea.

25 / 10 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0