Albistea
-Urtarrilaren 5era bitartean, musika, dantza, kirol eta bestelako ikuskizunak izango ditugu aukeran, herriko taldeen eskutik.
Gabon garaia ate joka daukagu, eta askorentzat egun bereziak diren hauek behar bezala ospatzeko, Bermeoko Udalak ekintza programa zabala prestatu du. Asteburu honetan hasi eta urtarrilaren 5era arte, adin guztietako herritarrei zuzendutako mota askotako gizarte, kirol eta kultur ekintzak egongo dira aukeran. Programa zabal hau antolatzeko, behar-beharrezkoa izan da herriko hainbat talde eta elkarteren lana, horien elkarlana barik ezinezkoa izango litzatekeelako.
Mota askotako kirolak, kontzertu ugari, kalejirak, ikuskizunak… daude egitarauaren baitan, eta zelan ez, Mari Domingi eta Olentzero eta Hiru Errege Magoak ere gurean izango ditugu. Iazko formatuari eutsita, aurten ere Mari Domingi eta Olentzero bi aldiz ikusteko aukera egongo da. Abenduaren 22an, 11:30etik 14:30era (Bermeon Zer aldizkariko ordutegia aldatu da), Goiko Plazan egongo dira Bermeoko Erraldoien Konpartsakoekin batera. Bertan, herriko umeek Mari Domingi eta Olentzerorekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Gogoratu, hori dela Mari Domingi eta Olentzerogaz argazkiak ateratzeko aukera bakarra. Izan ere, abenduaren 24an, 17:00etan hasita, kalez kale ibiliko dira, Ataldetik hasita.
Berritasun asko ere badaude aurtengo Gabonetako egitarauan. Esaterako, abenduaren 24an, eguerdian, Josepa Kale Kalek eta Ross dantza taldeak, Udalaren laguntzarekin, kalejira bat antolatu dute. Horretarako, herriko hiru ikastetxeetako LH3ko ikasleak prestakuntza lanetan aritu izan dira azken hilabetean; 12:15ean hasiko dute kalejira Taraskatik. Herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, gabon gaua girotzeko.
Kirol zaleentzako aukera ugari ere badaude Gabonetan, eta aurten, gainera, sasoi batean egiten zen 24 orduko futbito txapelketa berreskuratu da; abenduak 29an hasi eta 30ean amaituko da. Horrez gain, aurten Artza frontoian jarri den sareari esker, zesta punta jaialdia antolatu da abenduaren 28rako. Eta, urtarrilaren 2 eta 3an, San Frantzisko Herri Ikastetxeko karpan jarriko den 50 metro linealeko Pump Track zirkuituan ibili ahalko dute zaleek; monitore baten laguntza izango dute bertaratutakoek.
Mus zaleek ere, Gabonetako Mus Txapelketa izango dute abenduaren 27an, Artza frontoian.
EGUNEZ EGUNEKO EGITARAUA, TAILERRAK ETA EKINTZA BEREZIAK IKUSTEKO KLIKATU HEMEN.
Bermeoko Udaletik gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu gizarte, kultur eta kirol talde guztiei, ahalegin eta gogo handiz, Gabonetako egitarau potolo hau posible egiten duten pertsona guztiei, eta baita ere babesa ematen egoten diren Herri Babesako eta Gurutze Gorriko boluntarioei.
“Zuen konpromisoari eta talde-lanari esker, ilusioz beteko ditugu txiki eta nagusien Gabonak. Zuen lana gure herriarekiko elkarlanaren eta maitasunaren adibide da. Horri esker, elkarrekin, gure herritarrentzako Gabon politak antolatzea posible izan da. Eskerrik asko bihotz-bihotzez”, adierazi dute.
010 (94 617 91 00)