Albisteak

Albistea

Asteburu honetan ospatuko dira Mareak eta Udabier jaialdiak

Tradizioa eta abangoardia batzen dituen Mareak Jaialdiak bere bosgarren edizioa ospatuko du urriaren 5etik 12ra

Garagardoa, kontzertuak, umeentzako jarduerak eta ‘foodtrucks’-ak izango dira protagonista Alde Zaharra Bizirik Elkarteak antolatzen duen Udabier ekimenaren bigarren edizioan

Bermeon, 2019ko urriaren 3an.- Asteburu honetan ospatuko dira Mareak eta Udabier jaialdiak. Lehenbizikoa, urriaren 5etik 12ra ospatuko da eta, bigarrena, berriz, urriaren 4tik 6ra. Ekimenak Mareak Jaialdiko antolatzaile eta ordezkari Ane Ortubek, Udabier Jaialdiko antolatzaile Patxi Erauzkinek eta Bermeoko Turismo eta Euskara zinegotzi Kepa Zumetak aurkeztu dituzte gaur goizean Kultur Etxean.

Beleza Malandra Ateneo Kulturalak -Bermeoko Udalaren eta MB2000-ren laguntzarekin- antolatzen duen Mareak Jaialdiak abangoardia eta tradizioa batzen dituzten hainbat arte-diziplinatako ekimenak eskainiko ditu Bermeon. Honela, jaialdi honetan, adin eta kultur ezagutza ezberdinetako pertsonak elkartuko dira, munduan zeharreko egitasmo txiki eta ederrez gozatzeko. Jaialdi honen bosgarren edizioak hainbat eszenatokitan egingo diren hamaika ekitaldi kulturalekin (kontzertuak, ipuin kontalariak, proiekzioak…) gozatzeko aukera eskainiko die bertaratzen diren pertsona guztiei.  

Ekintza asko nabarmendu daitezke, programa oso oparoa baita. Urriaren 5ean, adibidez, Caustic Roll Dave katalana eta Mike Mariconda estatubatuarra izango ditugu ikusgai Beleza Malandra Ateneo Kulturalean, arratsaldeko 8etatik aurrera. Sarrera 5 eurotan erosi ahal izango da. Zapatuan ere, Jaitiruriruren ikuskizuna izango dugu, baina Kurtzioko baselizan (22:00. 5 euro). Talde honek musika jo, grabatu, margotu eta soinu ilunak dantzatzen ditu. Domekan, urriaren 6an, Arrantzaleen Museoan, 3-11 urteko haurrentzat Bertoko eta Urrutiko Ipuinak izango ditugu (12tan. Sarrera doan). Maitasuna, konfiantza eta biziraupena bezalako gai unibertsalez arituko dira Nerea Ariznabarreta ipuin kontalaria eta Mariano Hurtado musikaria.

Jaialdiaren bigarren asteburuan ere -astean zehar egongo diren ekimenak bukatu eta gero- programa oso interesgarria izango dugu. Kurtzioko baselizan, urriaren 11n, gaueko 11tan, Le Breiche musika taldeak kontzertua eskainiko du 5 euroren truke. Hurrengo egunean, zapatuan, helduen ipuin kontalari saioa jasoko du Fraileen Klaustroak (18:30. 3 euro). Egun berean ere, Ian Masonek ikuskizuna eskainiko du Beleza Malandra Ateneo Kulturalean (20:30. 5 euro) eta Lisieux eta White Ring-ek kontzertua emango dute Bermeoko Kafe Antzokian (22:00. 8 euro).

Udabier Jaialdia:

Alde Zaharra Bizirik Elkarteak antolatzen duen eta Bermeoko Udalak laguntzen duen Udabier ekimenaren bigarren edizioa ospatuko da urriaren 4tik 6ra. Garagardoaren jaia bada ere, ez da horretara bakarrik mugatzen. Izan ere, 5 ‘foodtruck’ (janaria eskaintzen duten kamioiak), umeentzako ekintzak eta hainbat kontzertu egongo dira Goiko Plazan (Sabino Arana enparantza) Bermeoko Alde Zaharra girotzeko asmoz.

Urriaren 4an, barikuan, gaueko 9etan, Lorelei Green taldeak kontzertua eskainiko du plazako kioskoan. Hurrengo egunean, eguerdiko ordu batetatik aurrera, umeentzako hainbat jarduera antolatuko dira plazan bertan, eta 19:00etan, Herbalist Faian eta Martak kontzertua eskainiko dute. Domekan ere umeentzako tailerrak antolatuko dira eta arratsaldeko 6etan bukatutzat emango da jaialdia. Ekintza guztiak doakoak izango dira.

03 / 10 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0