Albisteak

Albistea

‘Lurre Hurre’ proiektuak Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta bultzada izango du

-Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak proiektu hau gertutik ezagutzeko aukera izan du gaur goizean ekimenaren arduradunen eta Bermeoko alkate Aritz Abaroaren eskutik

Bermeon, 2021eko azaroaren 22an.-  Bermeoko bolondres talde batek osatu eta martxan jarritako ‘Lurre Hurre’ proiektuak pausu garrantzitsua eman du. Izan ere, Bermeoko Udalaren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak 19.262,64 euroko dirulaguntza emango dio integrazio-proiektu honi. Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak proiektu hau gertutik ezagutzeko aukera izan du gaur goizean ekimenaren arduradunen eta Bermeoko alkate Aritz Abaroaren eskutik.

2020. urtean abiatu zen ‘Lurre Hurre’ proiektuaren helburu nagusiak dira bertoko baloreetan oinarrituz, pertsona migranteei laguntza integrala ematea, ahalduntzea, gizartean integratzen laguntzea eta herriko nekazaritza ekologikoa sustatzea. Sakonago azalduta, pertsona migranteen -beraien egoera erregularizatu arte- oinarrizko beharrei estaldura eman, segizioa eman, eta integrazioa lortzeko ahaldundu nahi zaie, nekazaritzak beharrezkoa duen bultzadarekin uztartuta. Honela, sistematik kanpo dauden pertsona hauei gizarteratzeko tresnak ematen zaizkien bitartean, herriko nekazaritza ekologikoa ere sustatzen da. Beraz, proiektuaren gizarte-arlo nagusiak, integrazio eta kulturartekotasunarekin eta gizarteratzearekin lotuko lirateke.

Bermeoko Udala 2020an hasi zan ‘Lurre Hurre’ proiektuarekin kolaboratzen Almika auzoko udal jabetzako zenbait lur proiektura bideratuz. Aurten, 2021ean, lur hauek proiektura bideratzeaz gain, udalak proiektuaren bideragarritasuna bermatze aldera 6.000 euroko ekarpen ekonomikoa esleitu zion. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Migrazio eta Asilo zuzendaritzaren diru-laguntza deialdira ere proiektua aurkeztu zuen arduradunekin batera elkarlanean.  

Diru laguntza honen bidez, beraz, proiektuan parte hartzen duten pertsonen etxebizitza gastuei, formakuntza beken gastuei, integraziora bideratutako ekintzen gastuei eta nekazal jarduera garatzeko beharrezko baliabideen gastuei aurre egin nahi zaie neurri batean.

“Proiektua sortu zenetik Bermeoko Udalak laguntzeko borondatea agertu du. Gaur beste pausu bat ematen dugu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza hauek Udalei ematen dizkie zuzenean integraziorako proiektuak sustatzeko eta aukera ikusi genuenean ‘Lurre Hurre’rekin batera eskaria egin genuen. Uste dugu laguntza honi esker proiektuak bultzada handia jasoko duela”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

22 / 11 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0