Albisteak

Albistea

Adinekoak ez jausteko aholku tailerra maiatzaren 24an eta 31n Bermeoko kultur etxean

 

 

Bermeoko Udalak, Osakidetzako Osasun Zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adinekoak ez jausteko aholku tailerra antolatu dute. “Oraindik bide luzea duzu. Kontuz estropezuekin’ tailerra bi saiotan garatuko da, maiatzaren 24an eta 31n, 10:30etik 12:00etara, Bermeoko Kultur etxean, hain zuzen ere. 

Parte-hartzea doakoa izango da, baina ezinbestekoa da izena ematea. Izena ematea gaurtik eta maiatzaren 12ra arte irekita dago honako tokietan: Osakidetzako anbulatorioan, Bermeoko Kultur etxean eta Berhaz bulegoan. Plazak mugatuak izango dira, eta pertsona asko apuntatzen badira zozketa egingo da. 

Tailerra honako hauek emango dute: Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko teknikariek, Bermeo Kirol Patronatuko kirol teknikariek, Osakidetzako Osasun Zentroko profesionalek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko teknikariek. 

Euskal Autonomia Erkidegoko adineko pertsonen artean, jausiak dira istripu arrazoirik ohikoena. Ikerketen arabera, adin talde horretako heren eta erdien arteko pertsonek urtean zehar jausi bat edo gehiago jasaten dituzte. Adinarekin batera arriskua gorantz doa: 65 urtetik gorakoen artean, jausien portzentajea  %30ekoa da; 80 urtetik gorakoen artean, aldiz, % 50a baino gehiagokoa. Jausiak emakumeengan gizonengan baino maiztasun handiagoz ematen dira. 

Jausi gehienak etxe barruan edo inguruetan ematen dira, eta batez ere etxeko lanak egiterakoan edo bizitzako oinarrizko premiak asetzen direnean: norberaren garbiketa, etxeko garbiketa, janaria prestatzen eta etxe barruan edo haren inguruan desplazamendu txikiak egiten direnean. 

Jausi baten ondoren, eguneroko bizitza da kaltetuena. Izan ere, autonomia galtzea dakar eta bizitza kalitatea gutxitzea. Adineko pertsonen artean jausiak, lesio eta hausturak ekartzeaz gain, minusbaliotasuna eta dependentzia dakarte. 

Tailer horietan jausiak zelan ekidin modu erraz eta praktikoan ikusiko da, besteak beste, jarduera fisikoa sustatzen, etxea leku segurua bihurtzen eta hartzen den medikazioari arreta eskaintzen.

 

 

26 / 04 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0