Albistea
Bermeo BHI Institutuko DBH 2. mailako ikasleek audiogidak prestatu dituzte Bermeo ezagutzera datozenentzat, hainbat ibilbide prestatuta. Ibilbide horietan ikasleentzat interesgarrienak diren guneak markatu, eta Bermeoko Turismo Bulegoarekin lankidetzan, audiogidak hiru hizkuntzatan sortu dituzte: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
“Erronka honetan, ikasleok herriko zenbait txoko esanguratsuri buruzko gida turistiko bat egin, eta azalpenak audio eran grabatu ditugu, gure herrira datozen bisitariek hainbat ibilbide eskura izan ditzaten”, azaldu dute proiektuan parte hartu duten ikasleek.
Audiogiden zirriborroak idatzi aurretik, herriko puntu interesgarrienak taldeka banatu zituzten. Ondoren, haiei buruzko informazioa bilatu eta ibilbidea diseinatu zuten. Horrez gain, audiogidaren gidoia idatzi beharra eduki dute, eta gero, hiru hizkuntzatan grabatu. Amaitzeko, puntu horietan jartzeko QR kodeak prestatu dituzte, bisitariek zein herritarrek Bermeo hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten. “Ekintza honen bitartez, ikas-komunitatea indartzeko aukera izan dugu, eta egindako lana herrian ezagutarazi”, esan dute.
Gaur bertan, ikasleek QR kodeak jarri dituzte udako denboraldira begira prest egon daitezen. Honakoak dira ibilbideak:
1.Ibilbidea: Alde Zaharra I
-Sanjuanportale
-Goiko Plaza
-Ertzilla Dorrea
2.Ibilbidea: Alde Zaharra II
-Josefinak (Gizarte eta Kultura Etxea)
-Baztarre
-Torrontero
-Tala
3.Ibilbidea: Nestor Basterretxea
-Benito Barruetaren omenezko eskultura
-Olatua (portua)
-Euskal Kosmogonia (Lamera)
4.Ibilbidea: Bermeoko eraikin bereziak
-Kikunbera
-Kasinoa
-Ormaza
-Batzokia
-Bermeoko ospitalea
5.Ibilbidea: Elizak
-Santa Eufemia
-Santa Maria
-San Frantzisko
-Kurtzioko baseliza
6.Ibilbidea: Erdigunea
-Taraska
-Kluastroa
-Erribera
7.Ibilbidea: Gure itsasertza
-Aritzatxu
-Matxitxako
-Gaztelugatxe
8.Ibilbidea: Gure sinboloak
-Izaro
-Xixili
-Bermeoko armarria
-Gaviota
Maite Caruezo Ugalde turismo zinegotzia “pozik” agertu da Bermeoko Institutuko ikasleek egindako lanarekin, eta udalaren partez eskerrak eman dizkie: “Mota honetako ekintzak oso aberasgarriak dira, eta kasu honetan proiektu honi esker herritarrengandik herria ezagutzeko aukera egongo da. Proiektu aberatsa da bai egiten dutenentzat eta bai erabiltzaileentzat ere. Batetik, gazteek, eurek egindako lanarekin herriaz gehiago ikasi ahal izan dute; eta, bestetik, audiogiden erabiltzaileek, ikasleek egindako lana erabili eta horretaz disfrutatu ahal izango dute, Bermeo gehiago ezagutuz”.
010 (94 617 91 00)