Albisteak

Albistea

Bermeon V. Salome Campos itsas zeharkaldia egingo da zapatuan, irailaren 2an, parte-hartze handiarekin

 

Bermeon V. Salome Campos itsas zeharkaldia egingo da zapatuan, irailaren 2an, zapatuan, herriko portuaren eta Izaro uhartearen artean. Parte-hartzaileek 5.000 metroko distantzia handia egingo dute igerian. Horrez gain, 1.500 metrotako froga bat egongo da eta 500 metrotako beste bat umeen kategoriari zuzenduta. 650 partaide egongo dira (474 gizon eta 176 emakume).

Salome Campos zeharkaldiaren bosgarren edizioa aurkeztu dute gaur Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta Aintzi Laburuk,  Campos-eko Marketing zuzendariak. Azpimarratu dutenez, jai bezperetan egingo den froga hori “ikusgarria” izango da; izan ere, gaur egun ur irekietan antolatzen diren era honetako lehiaketa arrakastatsuetan normalean egiten den distantzia baino askoz handiagoa izango da zeharkaldi honetakoa.  

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten parte-hartzaile kopurua handitu da, kategoria nagusian plazak agortu baitira, eta hori “poztekoa” da, Salome Campos itsas zeharkaldia indartzen duen kirol ekimen bat dela adierazten duelako.

Gainera emakumeen parte-hartze garrantzitsua ere nabarmendu dute, benetan “albiste ona”. “Horrez gain, poztekoa da aurten 62 bermeotarrek parte hartuko dutela” gaineratu dute.

Ildo horretan, azaldu dutenez,  5.000 metroko distantziako itsas zeharkaldian, hau da, portua eta Izaro uhartearen arteko zeharkaldian,   aurten 320  izango dira parte-hartzaileak, 272 gizon eta 48 emakume, horietatik bat bermeotarra. “Hori oso albiste ona da; izan ere, Salome Campos itsas zeharkaldiak emakume bermeotar bat omentzen du eta poztekoa da emakume bermeotar batek parte-hartzea”, adierazi dute Laburuk eta Bidegurenek.

1.500 metrotako frogan aurten 263 parte-hartzaile izango dira, 92 emakume eta 171 gizon. Umeei zuzendutako frogari dagokionez, 68 parte-hartzaile izango ditu, 34 neska eta 34 mutil, hain zuzen ere.

Parte-hartzaileen jatorriari dagokionez, 321, %50a, bizkaitarrak dira. 150 lagun Gipuzkoatik datoz, 41 Arabatik, 20 Nafarroatik eta zazpi Iparraldetik. Madriletik 34 parte-hartzaile izango dira eta adibidez Errioxatik 24, besteak beste.

Aurten iazko edizioan irabazle edo finalistak izan ziren batzuk ere parte hartuko dute. 2016an 5.000 metroko distantzian gizonezkoetan bigarrena eta 2015ean irabazlea izan zen Alex Ojangurenek aurten kategoria berdinean parte hartuko du. Era berean. 2016an 5.000 metroko distantzian emakumezko irabazlea izan zen Leire Ceciagak ere parte hartuko du.

Lara Vicandi 2016an 5.000 metroko distantzian hirugarren heldu zen emakumezkoa eta Leire Ochoa de Eribe 1.500eko distantzian hirugarrena izan zena, 5.000 metroko kategorian parte hartuko dute.

Herri Babesari omenaldia

Laburuk azaldu duenez, V. Edizio honetan Herri Babeseko boluntario izan diren Jon Ojangureni eta Mikel Bilbaori omenaldi txiki bat egingo diete, 40 urtetan herriaren alde egindako lanagatik eta Salome Campos itsas zeharkaldian, bere hasieratik, orain dela lau urte, eskainitako laguntzagatik.

Hortaz, kirol giro polita izango da zapatuan Bermeon. Bideguren eta Labururen esanetan, Bermeoko V. Salome Campos itsas zeharkaldiaren helburua da ur irekien udako egutegian finkatzea eta erreferentzia izatea. Joan den urtean bezala, garaileek, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, beren pisua Campos kontserbako Hegaluzetan irabaziko dute.

Ekimen honek Bermeoko Udalaren laguntza du, eta segurtasunaz Gurutze Gorria arduratuko da.

Bermeoko alkateak adierazi duenez, Bermeoko herriak “arro hartzen du V. Salome Campos zeharkaldia, eta gainera pozgarria da kirol ekimen honek urtetik urtera arrakasta handiagoa lortzea eta emakumeen partaidetza handiagotzea, kontuan hartuta Salome Campos emakume bermeotarra omendu nahi dela, orain dela mende bat baino gehiago berak Portutik Izaroraino uger egin baitzuen”.

“Beraz, parte-hartzaile guztiei eta pertsona guztiei gonbidatu nahi diet Bermeora etortzera kirol eta jai giro izugarriarekin gozatzera”, nabarmendu du. 

31 / 08 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0