Albistea
Herriko historia islatzen duten irudiez osatutako Fernando Hierroren obra jaso du gaur Bermeoko Udalak, bere alaba Marinaren eskutik. Irudietan Bermeo agertzen da bere historiako aldi esanguratsuenetan. Hierroren helburua izan da herritarrei, irudien bidez azaldu daitezkeen elementuetan oinarrituta, Bermeoren historiaren aspektu batzuk erakustea.
Irudi historikoak marrazten esperientzia handia dauka Fernando Hierrok; bere gustuko lana da. Iraganean herriek ustez izan zuten itxura irudikatzeko zaletasuna dauka. Gaur Bermeoko Udalaren eskuetan utzi duen lan hau egin aurretik ere, Bermeoko antzinako zenbait irudi eginda zituen: Bermeo 1398an eta Bermeo 1889an. Bitor Uriarte Anagasti zinegotziak gogora ekarri du, Hierrok lehenengo lan horiek egin zituenean, Aingeru Astui eta beregana jo zuela laguntza eske: “Garai horietako Bermeoren ezaugarriak zehazten laguntzeko eskaera egin zigun, eta gustura egin genuen lana berarekin. Geroago, berriro hurbildu zen guregana, geure herrirako proiektu handiagoa zeukala esanez. Lana 2018an amaitu bazuen ere, gaur hemen daukagu”.
Udalak erosi duen lanaren plana edo eskema, kronologikoa da. Geografikoki Historiaurreko eta Antzinaroko ikuspegi zabalagoak hartu ondoren, XI. mendetik aurrera, mendez-mende jarraitu du, ia gaur egunera arte. Atal bakoitzaren euskarri legez, testuak gehitu dira, irakurleek gutxiengo informazio idatzia izateko, baina, betiere, irudiei protagonismorik kendu barik.
Garai bakoitzari lotuta, askotako elementuak daude irudikatuta: etxeak, lanerako tresnak, armak, janzkiak eta itsasontziak, besteak beste. Era berean, ez dira falta herriaren osoko ikuspegiak, ezta ere herrialdearen panoramikarik. Batzuetan ustezko ikuspegi berriak ere irudikatu ditu; etxe, eliza, zubi eta abarren berreraiketak egin dira, krokisak, mapak. Guzti hori, ahal izan den neurrian, dokumentazio lanetan oinarrituta egin du.
Hierrok, gainera, udalerriak hartzen duen lurralde osoa hartu du erreferentziatzat, eta, batzuetan, eskualdea ere. Itsasoa agertzen da, baina baserri eta baso inguruak ere kontuan eduki ditu, eta baita ere kale inguruari lotutakoak.
Uriartek gogorarazi du Bermeoko Udalak kultura eta herriko sortzaileen lanak argitaratzearen alde egingo duela agintaldi honetan: “Kasu honetan ere, Fernando Hierroren lana argitaratzea da Bermeoko Udalaren helburua. Adituekin batuko gara lan hau zein modutara argitaratu daitekeen aztertzeko, modu egokiena bilatu asmoz. Izan ere, herritarrek eskura izan behar dituzten irudiak direla uste dugu”.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomaly “pozik” agertu da gaur jasotako lanarekin, eta eskerrak eman dizkie Fernando Hierrori eta haren alabari: “Lan ederra egin du Fernandok, eta orain izugarrizko lana daukagu esku artean. Eskerrik asko Marinari ere, bera aitaren lana Bermeoraino ekartzeagatik”.
010 (94 617 91 00)