Albisteak

Albistea

Loek van den Berg Quintet, Vicente Marin Trio eta Filippo Deorsola Group Jazzber Jaialdiko XXIV. edizioko protagonistak

-Jazz musika eta bere zaletasuna bultzatzea helburu duen Bermeoko Jazzaldi ospetsua lehen mailako taldeekin itzuliko da Bermeoko Kafe Antzokira ekainaren 29tik uztailaren 1era bitartean  

Bermeon, 2022ko ekainaren 27an.- Busturialdean erreferentzia den Jazzber Jaialdia bueltan da. XXIV. edizio honetan Loek van den Berg Quintet, Vicente Marin Trio eta Filippo Deorsola Group-ek parte hartuko dute, lehen mailako jazz musika Bermeora ekarriz. Jazz musika eta bere zaletasuna bultzatzea helburu duen Bermeoko Jazzaldi ospetsua ekainaren 29tik uztailaren 1era bitartean ospatuko da Kafe Antzokian.

“Jazzber jaialdia erreferentzia da gure eskualdean. Izan ere, Busturialdean egiten den jazzaldi bakarra da. Aurten Getxo Jazzaldian parte hartuko duten bi talde etorriko dira (Filippo Deorsola Group eta Loek van den Berg Quintet) eta estatu mailan erreferentzia den Vicente Marin Trio entzuteko aukera ere izango dugu. Talde hauek jaialdiak duen maila bikaina erakusten dute, zalantzarik gabe. Uda jazz musikaz gozatzeko aukera paregabea da eta bermeotarrak eta ingurukoak hona etortzera gonbidatzen ditugu”, adierazi du Bermeoko Kultur zinegotzi Alazne Zumeta.

Kontzertuak

Ekainaren 29an hasiko dira kontzertuak Loek van den Berg Quintet Herbehereetako taldearekin (20:30ean).  Talde hau 2019. urtean abiatu zen musika eszenan. Ibilbide horretan taldeko liderraren konposizio melodiko eta malenkoniatsuak ardatz duen estiloa sortu dute eta aurten bere lehen diskoa kaleratuko dute: Wayfarer. Lan horretan taldeak Europa eta Asiako herrialdeetan eskaini dituzten emanaldietan ezagutu dituen paisaia musikalak gerturatuko dizkie zaleei.

Hurrengo egunean, ekainaren 30ean, Vicente Marin Trioren txanda izango da (20:30ean). Talde hau inprobisazio solistikotik haratago doa, melodiekin, egiturekin edo abesti-zerrendarekin jolastuz, ia aurretiazko jarraibiderik gabe. Formatu akustikokoa, bere errepertorioan jazzaren, musika klasikoaren edo flamenkoaren eragina duten jatorrizko kantuen interpretazioa nagusitzen da, melodia kantagarriekin.

Azkenik, uztailaren 1ean Filippo Deorsola Group-ekin gozatu ahal izango dugu (20:30ean). Italia, Herbehereak eta Belgikako hiru musikari biltzen dituen piano, kontrabaxu eta bateria hirukotea da. Azken herrialde horretan sortu zen taldea, Filipo Deorsola pianista gaztea buru duela. Bere estiloa inprobisazioan eta disziplina anitzeko kontzeptu filosofiko eta estetikoen ikerketan oinarritzen da.

27 / 06 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0