Albisteak

Albistea

Artike errekaren iturburua berreskuratzeko boluntario jardunaldia uztailaren 1ean, zapatuan

 

 

  

Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak, Bermeoko Artike errekaren iturburua berreskuratzeko boluntario jardunaldia antolatu dute uztailaren 1ean, zapatuan. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburu nagusia honakoa da: erreka ekosistemaren garrantziaz jabetzea eta crocosmia (Crocosmia x crocosmiflora) landarea kentzea. Izan ere, espezie exotiko hori inbaditzaile arriskutsuenetarikoa da erreketan. Espezie hori Artike errekaren iturburuan asko zabaldu da azken urteetan, eta horrek arriskuan jartzen du bertako flora, oso baliotsua eta eskasa, hain zuzen ere.

Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak Urdaibaiko Erreserban dagoen Artika errekan proiektu bat abiarazi zuten 2014ko ekainaren 1ean Artikako arro garaian crocosmia kentzeko. Proiektu horrekin 2015eko azaroaren 7an jarraitu zuten, bertan beste jardunaldi bat antolatu baitzuten espezie inbaditzaileak kentzeko eta balorazioa positiboa izan zen, 40 pertsonen parte-hartzearekin. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, Artika errekak babesteko elementu asko ditu eta Urdaibaiko Ibai Sarearen Kontserbazio Bereziko Eremuaren barne dago. Bere landaredi interesgarriena da baso mistoa eta ibaiertzeko basoa. Horrez gain, mehatxatuta dauden hainbat espezie ere baditu, besteak beste, ur-ugaraxo iberiarra (Rana iberica) edota iratze paleotropikalak Woordwardia radicans eta Culcita macrocarpa. 

Artika errekaren iturburua berreskuratzeko jardunaldian, lehenik eta behin, espezie exotiko inbaditzaileek sorrarazten dituzten arazoak azalduko dira eta baita ere nola kontrola ahal diren. Ondoren, crocosmia (Crocosmia x crocosmiflora) espeziea eskuz kenduko da aitzur batekin, ingurua ahalik eta gutxien kaltetzeko. 

Jardunaldia, uztailaren 1ean, zapatuan, goizeko 9:30etik arratsaldeko 18:00ak arte izango da. Hitzordua 9:30ean izango da Arane auzoan dagoen Infrisa enpresaren aurrean eta hortik Artikako errekara joango dira. Lana egiteko beharrezkoa den materiala antolatzaileek eramango dute (eskularruak, tresnak…). Antolatzaileek erropa eta zapata erosoak (labaintzen ez dutenak), ura, txanoa, eguzkitako gafak eta eguzkitako krema eramatea gomendatu dute. Eguerdi aldera hamaiketako txiki bat egongo da indarrak berriztatzeko. 

Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea, info@lurgaia.org helbide elektronikoan edota 946576110 telefono zenbakian. Whatsapp bidez ere egin daiteke 606141831 telefono zenbakira mezua bidalita. “Kotxerik ez baduzu lekuraino heltzeko, jakinarazi antolatu ahal izateko”, adierazi dute antolatzaileek. Informazio gehiago: lurgaia.blospot.com.es

 

 

22 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0