Albisteak

Albistea

Pailazoak, puzgarriak igerilekuan, kontzertuak, Txu-Txu trena eta Belen bizia, besteak beste, Gabonetan Bermeon

Adin guztietarako gabon egitarau zabalarekin gozatzeko aukera egongo da Bermeon

 

 

Laster Gabonak dira eta hain bereziak diren data hauetan ekimen asko eta asko izango dira Bermeon. Horrela, Pirritx,  Porrotx eta Marimotots pailazoak, puzgarriak igerilekuan, kontzertu pila, Txu-Txu trena, Belen bizia eta beste ekimen asko eta asko izango ditugu Bermeon.  

“Egitaraua zabala izango da eta guztiok, nagusiak zein umeak, jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dugu”, azaldu dute Idurre Bidegurenek eta Aingeru Astuik, Bermeoko alkateak eta Kultura zinegotziak, hurrenez hurren, gaur egindako prentsaurrekoan. 

Bidegurenek eta Astuik adierazi dutenez, hainbat izango dira Gabonetan eskainiko diren gabon kontzertuak.  Gaur bertan, Udal zaharren egoitzan Erroxapeko koruak kontzertua eskainiko du 16:30ean eta Egoitz Alaia zaharren egoitzan egongo dira 18:30ean Musika eskolako koro txikia eta Erroxapeko korua.

Abenduko bariku arratsaldeetan udal azokak ateak irekiko ditu  Gabonetako eskaintza bereziarekin: Gabonetako lorak, txokolate beroa, bertoko zerbeza artisauak, truke festa... Bihar, barikuan, abenduaren 16an,  Katea Sarea elkarteak eta Bermeoko Gurutz Gorriak jostailu berrien bilketa egingo dute arratsaldean udal azokan.

Abenduaren 17an, zapatuan, 9:00etatik 15:00etara Bertoko Produktuen Gabonetako IV. Azoka izango dugu udal azokan (sukaldaritza erakustaldia, dastatzeak, umeen tailerrak, musika, Olentzeroren parte hartzea…). Egun berdinean, 19:00etan, Santa Eufemia Elizan Rett Sindromea ikerketari laguntzeko Santa Eufemia eta Santa Maria koruetako guraso eta umeen taldeek kontzertu solidarioa eskainiko dute. Belen bizia ikusteko aukera egongo da Santa Maria elizan 20:00etan Coro Rociero Maikak antolatuta. Horrez gain, abenduaren 17an kirol erakustaldia izango dugu Artza Frontoian 18:00etan.

Abenduaren 18an, domekan,  Almikako elizan 13:00etako meza ostean, Bermeoko Abesbatzak Gabon kontzertua eskainiko du. Abenduaren 19an, astelehenean, Musika eskolako musikariak Gabon kamara kontzertua eskainiko dute musika eskolan 19:00etan, eta abenduaren 20an, martitzenean, Bertonen bulegoan, Bertoneko zozketa egingo da Bermeoko txiki erdi enpresen alkarteak antolatuta.

Urtero bezala Minbiziaren Aurkako Alkarteak antolatuta, Gabonetako Mahai zentroen XIX. Lehiaketa egingo da Nestor Basterretxea aretoan. Lanen aurkezpena abenduaren 20an, martitzenean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango da; eta irabazleen izenak abenduaren 21ean, eguaztenean, 18:00etatik aurrera jakinaraziko dira.

Txu-Txu trena, Olentzero

Abenduaren 22an, eguenean, Udalaren Zaharren egoitzan Gabon doinua kontzertua eskainiko du ‘Arrekatxutxa’ taldeak 17:30ean, eta abenduaren 23an, barikuan, asko izango dira Bermeon egingo diren ekimenak hainbat protagonistekin: Olentzero eta Mari Domingi, Txu-Txu trena, musika…

 

Berton elkarteak antolatuta, abenduaren 23an, barikuan, Olentzero eta Mari Domingi Bermeon izango ditugu gutunak batzen eta umeei globoak eta gozokiak banatzen Batzokiko kultur aretoan 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era. Era berean, Bertonek antolatuta ere, Txu-Txu trena izango dugu herriko kaleetatik 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara.

 

Musika ere presente egongo da abenduaren 23an, izan ere, 20:00etatik aurrera Kanta Kanta Lorue kalejira izango dugu Bermeoko kaleetatik. Bermeoko Abesbatzak 20:00etan Kasinoan Gabon kontzertua eskainiko du, eta Izaro abesbatzaren Gabonetako kontzertua entzuteko aukera izango dugu 20:30ean San Frantzisko elizan. Aurtengo talde gonbidatua Gernikako ‘Andra Mari Korala’ izango da.

Abenduaren 24an, zapatuan, goizean umeek uretako puzgarriekin gozatzeko aukera izango dute Araneko igerilekuan (11:00etatik 13:45era), eta 17:00etan Esku pilota Gabonetako txapelketa izango dugu Artza Frontoian.

Eta, zelan ez, abenduaren 24an, gure Olentzero eta Mari Domingi maiteak menditik jaitsiko da Bermeoko umeei bisita egiteko. Olentzero eta Mari Domingi 17:00etan helduko dira Bermeora, Ataldera, hain zuzen, eta herritik ibili ondoren, gau horretan lan gogorra izango dute umeen opariak banatzen. Euskeraz Berbetan taldea, Alkartasuna Dantza Talea, Kankinkabara Txistu taldea, Arrekatxutxa trikitrixa taldea, Bermeoko Kasinoa, Gotzon Garitaonanindia eta Herri Babesa dira antolatzaileak. Aurten ere, kalejira amaituta, ume guztiek Kasinoan Olentzerorekin argazkiak egiteko aukera izango dute.  

Abenduaren 25ean, domekan, Eguberriko meza abestua egongo da Izaro abesbatzaren eskutik San Frantzisko elizan 13:00etan. Gabonetako ipuin kontalaria izango dugu abenduaren 27an, martitzenean, 12:00etan udal liburutegian Hiru zaku bete ipuin taldearekin.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Abenduaren 28an, eguaztenean, umeek ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eskainiko duten ‘Tipi-Tapa Korrika’ jaialdiarekin. Artza frontoian izango da eta bi saio egongo dira, 16:00etan eta 18:30ean, hain zuzen ere. 18:30eko saioko sarrerak agortu dira jadanik, baina 16:00etako saiokoak salgai daude Kultur etxean, Kutxabank-eko orotarako kutxazainetan eta kutxabank.es web gunean. Umeen sarrerak 5 euro dira eta nagusienak 10 euro. 

Kirolak ere badu bere tokia egitarau zabal honetan, izan ere,  Eskubaloia Gabonetako torneoa izango da abenduaren 29an eguenean, 8:00etatik 14:00etara Araneko kiroldegian eta 16:00etatik 22:00etara Artza Frontoian. Abenduaren 30ean, barikuan, Araneko kiroldegian izango da 8:00etatik 21:30era. 

Abenduaren 31n, zapatuan, umeek uretako puzgarriekin gozatzeko aukera izango dute Araneko igerilekuan (11:00etatik 13:45era), eta 17:00etan Esku pilota Gabonetako txapelketa izango dugu Artza Frontoian. Urtero bezala, abenduaren 31n urteko azken bainu dibertigarria egingo da Bermeoko Portuan 12:00etan Bermeoko Txirrindularitza taldeak antolatuta. “Animatu, mozorrotu eta parte hartu, nahiz eta ura bero-bero seguru ez dagoena”, adierazi du Bidegurenek.  

Urtarrilaren 5ean eta 7an, eguenean eta zapatuan,  umeek uretako puzgarriak izango dituzte Araneko igerilekuan (11:00etatik 13:45era). Uretako puzgarrientzako sarrerak salgai daude jadanik, umeentzat euro bat eta helduentzat euro bi dira.

Erregeak

Gabonak bukatzeko zelan ez, urtarrilaren 5ean, barikuan, Ekialdetik datozen Gaspar, Meltxor eta Baltasar Erregeen desfilea izango dugu. Erregeak itsasotik 18:00etan helduko dira Bermeoko Portura, eta ilusioa eta opariak ekarriko dizkie Bermeoko ume guztiei.

Desfilean zehar gozokiak banatuko dituzte, zeliakoek ere jan ahal dituztenak.   Bukatutakoan umeek aukera izango dute Gaspar, Meltxor eta Baltasarrekin argazkiak ateratzeko udal liburutegian. Antolatzailea Budek elkartea da, eta laguntzaileak Bermeotarrak fanfarrea, musika eskolako ikasle eta irakasleak, Gurutze Gorria, Itsas Salbamendua, Herri Babesa eta Izaro Bikers.  

Bidegurenek eta Astuik ekimen guzti hauek antolatzen dituzten elkarte eta herritar guztiei eskerrak eman dizkie. “Gabonetan egitarau zabala izango dugu Bermeon; eta espero dugu herritar guztiak, txikiak zein nagusiak, ekimen hauekin gozatzea”, adierazi dute. Azkenez, Idurre Bidegurenek eta Aingeru Astuik “bermeotar guztiei gabon zoriontsu batzuk opa dizkie”. “Ondo pasa, famili eta lagun artean!”.

 

15 / 12 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0