Albistea
Bermeon Bertoko Produktuen Gabonetako Azoka egingo da abenduaren 16an, zapatuan, 9:00etatik 15:00etara, udal azokan. Bertan, gabon giroan, baserri eta itsasoko bertoko sasoiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Horrez gain, musika zuzenean entzuteko aukera izango dugu eta umeen tailerretan parte hartu ahal izango dute etxeko txikienek. Era berean, gonbidatu berezi bat izango dugu azokan, Olentzerok parte hartuko baitu umeen eskutitzak jasoz.
Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak; Nere Mintegik, Behargintzako zuzendariak; Ainhoa Maguregik, Berazel, Bermeoko Azokako Elkarteko bozeramaileak, eta azokako merkatariek aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Bertoko Produktuen Gabonetako Azoka.
30 saltoki inguru egongo dira azoka honetan bai merkatu barruan bai kanpoan, eta horietan lehen mailako gure produktuak eskuratzeko aukera izango dute bertaratutakoek: arrain freskoa, arrain kontserbak, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arrautzak, esne freskoa, sagardoa, txakolina, lorak, gaztainak, ogia, patea, gozoak… Horrez gain, taloa, txakolina eta sagardoa dastatzeko aukera izango dugu udal azokan.
Olentzero azokan egongo da 11:00etatik 13:30era umeen eskutitzak jasotzen, eta umeentzako tailerrak ere egongo dira 12:00etatik 14:30era. “Bertan, forma ezberdinetako Gabonetako gailetak egiteko aukera izango dute umeek modu dibertigarrian”, azaldu du Maguregik.
Musika zuzenean
Gabonetako giroa nagusi izango da bertoko produktuen azoka honetan. Hori lortzeko, Gabonetako argiek, apaingarriek eta musikak ere azoka girotuko dute; izan ere, musika eskolako haize taldeak, koroak eta Erroxape abesbatzak euren abestiekin giro oso polita sortuko dute 11:00etatik 12:00etara, azokaren barrualdean.
Ormaetxeak gogoratu duenez, Bermeoko azoka indartzeko plangintzaren barne ekintza ezberdinak egin dira, eta horien artean azoka bereziak antolatu izan dira: Gabonetakoak, udaberrikoak eta udakoak.
“Horrela, aurten ere Gabonetako azoka berezia antolatu da; alde batetik, Bermeoko azoka sustatzeko eta azokara adin guztietako pertsonak erakartzeko (gazteak, familiak, adinekoak…); eta, beste alde batetik, gure sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratzeko, horiek kontsumitzeak gure inguruko arrantzale eta baserritarren onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen duelako”, nabarmendu du.
Azkenez, Maguregik, Mintegik eta Ormaetxeak pertsona guztiak gonbidatu dituzte abenduaren 16an, zapatuan, Bertoko Produktuen Gabonetako Azoka honetara etortzera; “balio erantsia duten gure produktuak eskuratzeko aukera paregabea izango dugulako, eta, aldi berean, ume zein nagusiek Gabonetako giro politarekin disfrutatu ahal izango dugulako”. Ildo honetan, azokan aparkalekuak daudela gogoratu dute.
010 (94 617 91 00)