Albisteak

Albistea

Alfonso Ruiz García izan da Bermeoko XXIII. Arrain Azokaren kartel lehiaketaren irabazlea

 

Alfonso Ruiz Garciak egindako kartel koloretsuak irabazi du Bermeoko XXIII. Arrain Azoka iragartzeko egin den kartel lehiaketa. Epaimahaia Arrain Azoka Elkarteko  kidez osatuta egon da, eta lan irabazlea aukeratzeko orduan bere diseinua, orijinaltasuna eta kartelaren leloa (‘Itsasoko zaporeez zipriztindu zaitez!’) baloratu dira, besteak beste.

Kartel lehiaketaren irabazleak 600 euroko saria jasoko du eta maiatzaren 19an Hegaluze Sariko ekitaldian emango zaio. Kartel lehiaketa honetara 13 lan aurkeztu dira, iaz baino bat gehiago,  “estilo ezberdinetakoak baina denak maila oso onarekin”.

Iaz bezala, aurten ere Arrain Azokan, maiatzaren 19an, 20an eta 21ean, lehiaketara aurkeztu diren kartel guztien erakusketa egingo da, bertaratzen direnek kartel guzti horiek ikusteko aukera izateko.

Arrain Azoka elkarteak gogoratu duenez, kartel lehiaketarekin Arrain Azoka “parte-hartzaileago bat lortu nahi dute, herritarrak Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea eta Arrain azokaren parte sentitzea, hain zuzen ere”. Lehiaketaren baldintzei dagokienez, besteak beste, kartelaren gaiak Bermeoko Arrain Azokarekin zerikusia izan beharko duela adierazten zuten.

Sarituak izan ez diren lanak batzeko epea maiatzaren 22tik 28ra izango da, Bermeoko Turismo Bulegoan. Epe hori igaro eta gero, jaso ez direnak Arrain Azoka Elkartearenak  izango dira.

Bermeoko Arrain Azoka aurten XXIII. ediziora heltzen da eta maiatzaren 19, 20 eta 21ean izango da.

14 / 03 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0