Albistea
-Lehen hezkuntzako ikasleek osatutako taldeak eurak egindako auto elektriko eta ekologikoarekin lehiatuko dira.
-Datorren igandean, martxoaren 20an, izango da, Goblin modalitatean (9-11 urte)
Bermeon, 2022ko martxoaren 17an.- “Greenpower Iberia-Bridgestone” zirkuitua Bermeon izango da martxoaren 20an, Bermeoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta soluzio aurreratuetan eta mugikortasun jasangarrian mundu mailako liderra den Bridgestonen, eta Alfonso Líbano Firestone haren fundazioaren eskutik.
Horrela, igande honetan, Lamera parkean –10:00etatik 14:00etara, proben hasiera 12:00etan izanda–, Bizkaiko hainbat ikastetxetatik etorritako zortzi taldek hartuko dute parte lehiaketan. Bat emakumezkoena izango da, bi gizonezkoenak eta gainerakoak mistoak. ‘Goblins’ izeneko modalitatean izango da, eta 9 eta 11 urte bitarteko lehen hezkuntzako umeek hartuko dute parte.
“Greenpower – Bridgestone Zirkuitua” hezkuntza-programa auto-lasterketa multzo bat da, eta 9 eta 25 urte bitarteko umeek eta gazteek euren auto elektrikoa diseinatu eta eraiki behar dute haietan parte hartu ahal izateko. Proba horietan, lehentasuna ematen zaie aurrez ezarritako ibilbide bati motor elektrikoaren eta baterien konbinazio jakin batekin –denentzat berdina– ibilgailuek eman diezaioketen itzuli-kopuruari, eta autoaren karrozeriaren diseinuari eta alderdi mekaniko eta elektrikoei, errendimendua hobetzeko. Lehiaketetan, irabazlea bateria agortu barik kilometro gehien egitea lortzen duena izango da, eta, beraz, ez du azkarrenak irabazten, modu eraginkor, energetiko eta jasangarrian gidatzen duenak baizik.
Aritz Abaroa Bermeoko alkateak hau adierazi du: "oso pozik gaude Bermeon horrelako lasterketa bat egin ahal izateagatik. Partekatzen ditugun hainbat alderdi batzen dituela uste dut. Batetik, gazteen hezkuntza, euren ibilgailuak garatu behar dituztelako. Gainera, gure helburu estrategikoetako bat jasangarritasuna sustatzea eta energia-eraginkortasunerantz pausoak ematea dela kontuan izanda, uste dugu lehiaketa hau guztiz bat datorrela Bermeorekin. Benetako festa izatea eta onenak irabaztea espero dut. Eta, jakina, bermeotar guztiak animatzen ditugu Lamerara hurbiltzera ikuskizun honetaz gozatzera. Aurten esperientzia pilotu gisa hartuko dugu, baina etorkizunean horrelako lehiaketa gehiago hartzea gurako genuke. Espero dezagun etorkizunean herriko ikastetxeek ere parte hartu ahal izatea eta horretara animatzea”.
Bestalde, Joseba Luzarraga Alfonso Libano Firestone Fundazioko patroiak hau adierazi du: “Bridgestonerekin batera ekitaldi hau sustatzen dugu, ziur gaudelako hezkuntza, eta zehatzago esanda STEM hezkuntza, Bizkaia eta bere ekosistemaren berrindustrializazioaren zutabe garrantzitsua dela, eta hori da gure Fundazioaren helburu garrantzitsuena. Parte hartzen dugu, halaber, ziur gaudelako berrindustrializazioa eraginkorragoa izango dela sektore publikoak eta pribatuak laguntzen badute, eta ikusten dugu ekimen honetan badagoela lankidetza hori”. Gainera, azpimarratu duenez, “hezkidetza gauzatzeko bitarteko bikaina iruditzen zaigu. Ziur gaude horrelako ekimenek hezkidetza bultza dezaketela, neskak gero eta erosoago senti daitezen lanbide zientifikoak eta teknikoak aukeratzerakoan”.
Emerson Fitiipaldiren jarraitzaile horiek eskolaz kanpoko orduetan edo taldean lan eginez curriculum-jarduera moduan garatzen dituzten autoek STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) trebetasunak garatzeko aukera ematen dute. Adin bertsuko taldeen artean lehiatu ahal izateko proiektatzen eta eraikitzen dituzte euren automobilak, betiere ingurumenaren ikuspegitik arduratsuak diren prototipo elektrikoen inguruan.
Erresuma Batua, Greenpower proiektuaren sorlekua
Greenpower Educacion Trust, 90eko hamarkadaren amaieran Erresuma Batuan sortutako fundazioa da, 9 urtetik gorako umeek trebetasun teknikoak, lidergoari eta talde-lanari buruzkoak ikasteko eta indarrean jartzeko asmoarekin, karrera bat irabazteko ibilgailu elektriko bat diseinatu eta eraikitzeko erronkarekin. “Gainera, ikasleek euren proiektua gauzatzeko behar dituzten babesle eta baliabideak bilatu behar dituzte, eta, horrekin batera, komunikazio- eta salmenta-trebetasunak lantzen dituzte. Horrez gain, negozio-plan bat prestatu behar dute, eta ingelesez azaldu behar diete babesleei”, zehaztu du Paul Riley Greenpower Iberiako presidenteordeak.
1999an antolatu zituzten lehen lehiaketak Goodwooden eta Silverstonen tokiko taldeekin, eta ordutik mundu osoko taldeak eta ekitaldiak gehitu zaizkie Estatu Batuetan, Txinan, Indian, Singapurren, Malaysian eta Polonian. Aurten, proiektuak hogeita bigarren edizioa beteko du, urtero 60 lasterketa inguru eginez. Proiektua, kirol motorrek pizten duten gogoa, gazteentzat STEM trebetasunak garatzeko inspirazio bihurtzeko asmoz sortu zen.
Gaur egun, Lehen Hezkuntzatik unibertsitatera arteko hezkuntza-etapetako 11.000 ikasle baino gehiagok hartzen dute parte fundazioaren jardueretan. Horretarako, adinaren arabera, hiru lehiaketa kategoria bereizten dira: Goblin formula (9 urtetik 11ra), 24 formula (11 urtetik 16ra) eta 24+ formula (16 urtetik 25era).
Gainera, Greenpower Iberia, eskualdeko, nazioko eta nazioarteko 60 lasterketa egiten dituen eta nazioartean 2.300 talde baino gehiago dituen sarearen parte da (AEB, India, Malaysia, Polonia, Brasil edo Singapurren egiten da, besteak beste).
010 (94 617 91 00)