Albisteak

Albistea

Mareak jaialdiak estilo ezberdinetako ekimen kulturalak eskainiko ditu Bermeon urriaren 9tik 14ra

 

 

Mareak jaialdiak abangoardia eta tradizioa batzen dituzten hainbat arte-diziplinatako ekimenak eskainiko ditu Bermeon urriaren 9tik 14ra. Jaialdi honen hirugarren edizioak zenbait eszenatokitan egingo diren zortzi ekitaldi kulturalekin (kontzertuak, ikuskizunak eta proiekzio bat) gozatzeko aukera eskainiko die bertaratzen diren pertsona guztiei. 

Ane Ortubek, Mareak jaialdiaren antolatzaile eta ordezkariak, eta Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak, Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta Bermeoko Udalak antolatutako Mareak jaialdia aurkeztu dute gaur Bermeoko Arrantzaleen Museoan; izan ere, toki hori jaialdiko kontzertu baten eszenatoki bilakatuko da. 

Mareak jaialdia urriaren 9an, astelehenean, hasiko da ‘Between dog and wolf, The story of New Model Army’ dokumentalaren proiekzioarekin arratsaldeko 20:30ean Bermeoko Kafe Antzokian. Sarrera dohainik da. New Model Army Bradford hiriko talde konprometitu eta basatiaren bizipen eta gorabeherei buruzko dokumentala da. Justin Sullivan-ek sortu zuen taldea 1980. urtean eta post punk, folk eta rock alternatiboaren soinuak batzen aitzindaria izan zen. 

Urriaren 10ean, asteartean, Beleza Malandra Ateneo kulturalak Joseba Irazoki Berako musikari moldakorra eta geldiezinaren kontzertua hartuko du arratsaldeko 20:30ean. Sarrera 4 euro da. Irasozakik talentu izugarria dauka inprobisaziorako, folk, blues, psikodelia edota esperimentazio zoroenaren bidez. 

Black Market Karma’ (Londres), ‘Los Amantes’ (Castellón) eta Aries (Vigo-Bilbo) taldeen kontzertuak entzuteko aukera izango dugu urriaren 11n, eguaztenean, Bermeoko Kafe Antzokian gaueko 21:30etik aurrera. Sarrera 12 euro izango da leihatilan eta 10 euro on line (http:/bermeokokafeantzokia.com). 

‘Black Market Karma’ bandak 1960ko hamarkadako eragina duen psikodelia eta pop musika egiten du; hain zuzen ere, ekialdeko musika, folk, northern soul eta blues soinuekin nahastuta. ‘Los Amantes’ hirukoteak power pop, punk, rock alternatiboa eta garajea maneiatzen du, abesti freskoak eta borobilak eskainiz. Azkenez, Aries bakarlariak elektronika, pop esperimentala eta 1960ko hamarkadako melodia kaleidoskopiko disdiratsuak batzen dituen melodia zirraragarria sendotu du. 

Urriaren 12an, eguenean, eta eszenatoki berezi batean, Frantziskotarren klaustroan, hain zuzen ere, Sevillako Emilio Villalba eta Sara Marina musikariek ‘Peregrinatio’ ikuskizuna eskainiko dute 19:00etan. Sarrera 4 euro da. Erdi Aroko Europan entzuten eta interpretatzen ziren musiken aukeraketa bat eskainiko dute agertokian. Kolorez eta mestizaiez betetako errepertorioa da, musikak iparraldetik hegoaldera, ekialdetik mendebaldera eta alderantziz, bidaiatu baitu, abantaila teknikoak, ideia berriak eta bizitza ulertzeko modu ezberdinak barneratuz. 

Ortubek azaldu duenez, Mareak jaialdiaren hirugarren edizioan ere, berriro izango ditugu gure artean Neonymus, bi ikuskizun ezberdinekin. Horrela, alde batetik, urriaren 13an, barikuan, arratsaldeko 20:30ean Kurtzioko elizan ‘Ultrahumano’ proiektu berria aurkeztuko du. Musika sakona eta hunkigarria, gizatasuna desagertu eta mito eta jainkoak agertzen diren toki zehaztugabea bilatuz. Sarrera 4 euro da. 

Bestalde, Neonymusek adin guztietarako kontzertua eskainiko du urriaren 14an, zapatuan, Bermeoko Arrantzaleen Museoan eguerdiko 12:00etan. Sarrera doan izango da. Ikuskizun horretan musikarekin, fantasiarekin, teknologiarekin eta ezohizko musika tresna birziklatuekin, ‘Historia inventada de la música inventada’ kontatuko digu, kulturaz eta umorez betetako pilulatxo harrigarriz beteta eta publikoaren parte hartzearekin. 

Urriaren 14an, zapatuan, ere bai, Beleza Malandra Ateneo kulturalak bi kontzertu hartuko ditu. Lehenengoa Honky Tonky Sanchezek 20:30ean eskainiko duena. Sanchezek arerio artean milaka gauetan zehar aurkituriko abesti sorta eskainiko du, country, blues, AEB-Mexiko mugako rock eta itsasoz betaldeko literatura oinarri hartuta. Sarrera 4 euro da. 

Ondoren, 22:30ean, DJ Witxita & The Afro Sounds bermeotarren txanda izango da. Rhythim&blues, rock&roll, soul, funky, afrobeat, ska, rocksteady, reggae eta tropikalismoa dira Dj witxitak koktelean sartuko dituen erritmoetako batzuk.  Sarrera dohainik izango da. “Gorpuak mugitzera eramango gaitu Mareak jaialdiaren amaiera festan, datorren urtera arte agur esanez”, azpimarratu du Ortubek. 

Ortubek azaldu duenez, “urte osoan jaialdiaren egitaraua ilusioz prestatzen ari izan gara, eta espero dugu interesgarria izatea”.
“Gure lan egiteko filosofia Mareak jaialdian herri kulturaren bitxi eder eta txikiak eskaintzea da, normalean inor ohartu barik igarotzen direnak”, azpimarratu du.

Azkenez, Astuik eta Ortubek pertsona guztiak gonbidatu dituzte Mareak jaialdian parte hartzera, kulturarekin gozatzeko aukera paregabeak eskainiko dituelako ekimen kultural ezberdinen bidez. “Zuon gogokoa izatea eta gozatzea espero dugu”, nabarmendu du Ortubek. 

 

05 / 10 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0