Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala garatzen dagoen Klimaren Aldaketara Egokitzeko Planak herritarren parte hartzea bilatzen du

-Planaren diagnostikoa eginda dago, Udalaren webgunean eskegi da eta urriaren 18ra arte bermeotarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte ingurumena@bermeo.eus helbide elektronikoan edo sare sozialetan

Bermeon, 2022ko urriaren 4an.- Bermeoko Udala Klimaren Aldaketara Egokitzeko Plana egiten dabil eta lehen fasea bukatuta dago. Herriko hainbat eragile, teknikari eta udalean ordezkaritza duten alderdiekin egindako diagnostikoa bukatuta, orain, herritarren iritzia jasotzeko momentua iritsi da, euren ekarpenak egin ditzaten. Diagnostikoa Udalaren webgunean eskegi da eta urriaren 18era arte bermeotarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte ingurumena@bermeo.eus helbide elektronikoan edo sare sozialetan.

Klimaren Aldaketara Egokitzeko Plana, klimaren aldaketara egokitzeko eta arintzeko neurriak jasotzen dituen Klimaren Aldaketa Kudeatzeko Plan Integrala gauzatzeko aurreko pausoa da. Planaren helburuak dira, besteak beste: klimaren aldaketak Bermeon dituen arriskuak eta eraginak ebaluatzea eta ezagutaraztea, klimaren aldaketaren aurrerapenaren aurrean udalerriak dituen kalteberatasunak baloratzea eta horiei buruzko informazioa ematea, hautemandako arrisku bakoitzerako egokitzapen-aukerak identifikatzea eta bide-orri bat ezartzea, udal-politikek egokitzapen-beharrak txerta ditzaten. Plana urte amaierarako eginda egotea aurreikusten da.

Lehen urratsa diagnostikoa egitea izan da, klima-aldaketak pertsonengan, ekonomian eta ingurumenean dituen arriskuak eta inpaktuak zehazten dituena. Diagnostiko hau eztabaida publikoan sostengatzen da eta oso garrantzitsua da herritarren parte hartzea. Horretarako, honokoa egin dezakete:

- Klima-Aldaketari Egokitzeko Bermeoko Planaren Diagnostiko dokumentuaren zirriborroa deskargatzea

- Iritzi, zalantzak eta iradokizunak urriaren 18era arte ingurumena@bermeo.eus posta elektronikora bidaltzea.

- Sare sozialetan #BermeoKlimaAldaketa traolarekin parte hartzea.

04 / 10 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0