Albistea
Alkoholaren eta bestelako droga menpekotasunen prebentzioa lantzeko bi programa martxan jarriko ditu Bermeoko Udalak 2017/2018 ikasturtean herriko ikastetxeetan.
Alde batetik, Bermeoko kale hezitzaileak droga-menpekotasunen prebentziorako eta horri buruzko informazioa emateko tailerrak emango ditu Bermeoko ikastetxe guztietako DBH osoan (12-16 urte arteko gaztetxoak).
Bi orduko saioak dira eta helburuak honako hauek dira: ikuspuntu objektibo eta ez moralizatzaile batetik droga kontsumoen ondorioez eta arriskuez informatzea; gehiegizko kontsumoak eragiten dituen arriskuak murriztea; norbere kontsumoaz eta ondorio eta arriskuei buruzko hausnarketa bultzatzea; mito eta estereotipoak deskodetzen saiatzea, eta zalantzak eta kezkak argitzen laguntzea.
Ignacio Arozena institutuko, Sagrado Corazón ikastetxeko eta Eleizalde ikastolako DBHko ikasle guztiei eta Oinarrizko Heziketako Udal Institutuko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago tailerra; guztira, 746 ikasleei, hain zuzen ere.
Bestetik, ‘Arriskua Alkohola’ programa jarri zen martxan joan den astean, urriaren 19an, Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal institutuan (OLHUI). Programa hori OLHUIko 1. eta 2. mailako ikasleek, 50 inguruk, eta Sagrado Corazón ikastetxeko eta Eleizalde ikastolako DBH4ko ikasleek, 100 inguruk, burutuko dute urritik abendura; urrian OLHUIn, azaroan Sagrado Corazón ikastetxean, eta abenduan Eleizalde ikastolan; hain zuzen ere.
Programa horrekin alkohol kontsumoaren arriskuez kontzientziatu nahi da; kalteez eta arriskuez informatu; eta, kontsumitzea erabakiz gero, norbere burua zaintzen ikastea.
010 (94 617 91 00)