Albistea
Datorren zapatuan, azaroaren 30ean, 2019an jaiotakoentzako jaia antolatu da, hau da, 5 urteko umeentzako jaia. Ama hizkuntzaren eta hizkuntzaren transmisioaren garrantziaz ohartaraztea da asmoa, eta, era berean, Motx pailazoaren bosgarren urtebetetzea ospatzea. Euskaraz eta Euskararen Egunean hasi zuen bere ibilbidea, Motx pailazo bermeotarrak.
“Umetan finkatutako hizkuntza, ume horren izaeraren parte izango da, eta euskara Bermeoko umeen izaeraren parte izatea gurako genuke, gure herriko nortasunaren parte izaten jarrai dezan. Begiratu Motx, euskaraz jaio zen, eta euskara darama Euskal Herriko txoko guztietara, euskararen transmisioan bidelagun dugu”, adierazi du Iker Bilbao San Nicolas, Euskara zinegotziak. Euskararen transmisioaren garrantzia azaldu gura diegu herriko umeei eta euren familiei: “Gero eta goizago aldatzen dira guraso eta seme-alaben arteko hizkuntza ohiturak. Oraindik 5 urterekin umeek euskaraz berba egiten dutenez, uste dugu adin aproposa dela mezua zabaltzeko”.
Datorren asteburuan San Andres auzoko jaiak ospatuko direla aprobetxatuko da 5 urteko umeen jaia egiteko; 12:00etan izango da, kale horretako aparkalekuan jaiak ospatzeko jarriko duten karpan. Hain zuzen ere, 116 ume daude gonbidatuta, eta ikastetxeen bitartez jaso dute gonbidapena. Gainera, bakoitzak bere ama hizkuntzan jaso du gonbidapena. Horregatik, euskaraz gain, arabieraz, errumanieraz, gaztelaniaz, ingelesez eta wolofez zabaldu dira gonbidapenak, ama hizkuntzari behar duen garrantzia eman asmoz.
Euskaraz txoko txoko
Duela 5 urte, Euskararen Egunean abiatu zuen Motx pailazoak bere ibilbidea, Bermeon, bere sorterrian. Ordutik, 50 saio baino gehiago egin ditu Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Iker Gonzalez Libanok, Motx pailazoak, eskerrak eman dizkio Bermeoko Udaleko Euskara Sailari: “Eskerrik asko emandako aukera eta babes zein maitasunagatik. Duela 5 urte bat-batean sortutako aukerak eman zion hasiera proiektu polit honi, ezjakintasunez beteta, eta erantzuna zein izango zen aurreikusi barik”.
Egindako ibilbide luzearekin “harro” dago Gonzalez, eta aurrera begira “gogotsu” dagoela gaineratu du. Bosgarren urteurren honetan, gainera, proiektu berri bat aurkeztu du. Hain zuzen ere, 4 eta 8 urte bitartekoei zuzendutako ipuina osatu du Arrate Egaña idazlearekin eta Marimar Agirre ilustratzailearekin batera: Oroitzapen eder bat. Erein argitaletxeak kaleratu duen ipuinak gai nagusitzat dauzka heriotza eta dolua. Hala ere, orain arte Motx pailazoaren ikuskizunetan taularatutako balore hezitzaileak ere osatu dute lana. “Proiektu berri honetan elkarrekin lan egiteko aukera ere eskertzekoa da. Bermeoko Udalaren babesik barik ez litzake posible izango ipuin-ilustratu hau ekoiztea”, esan du. Izan ere, Bermeoko Udalak 150 liburu erosi ditu zapatuko jaian 5 urteko ume bakoitzari ipuin bana oparitzeko. Gainera, Bermeoko Udalak erositako ipuinek Bermeoko alkatearen hitzaurrea daramate.
Oroitzapen eder bat proiektuak hainbat bide izango dituela adierazi du Gonzalezek: “Ipuin-ilustratuaz gain, hurrengo urtean argia ikusiko duen formatu txikiko ikuskizun berria izango du. Berrikuntzekin etorriko da ikuskizuna, eta, gaur egun, lanean ari naiz bertako eta inguruko artistaz inguratuta. Lantalde ederra sortu dugu oraingoan ere, eta pozik nago egiten ari garen bidearekin”.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea “oso pozik” agertu da proiektu honetako hitzaurrean parte hartu ahal izan duelako, eta Motx pailazoa zoriondu du bere bosgarren urtebetetzean: “5 urte adin polita da ipuin-liburu hau opari modura jasotzeko, eta horrela egingo dugu zapatuan; 5 urteko umeek opari modura jasoko dute Oroitzapen eder bat ipuin-liburua. Honekin batera, gurasoei edo 5 urteko txiki hauen ondoan daudenei gauza bat eskatu gura dizuegu: lagundu umeari irakurtzeaz gozatzen, irudi eta istorioekin gozatzen, baina, batez ere, lagundu euskaraz gozatzen eta lagundu baita ere, euskaraz egingo duen bidean”.
Euskararen Nazioarteko Eguna
Datorren astean, abenduaren 3an (martitzena), Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Bermeoko Udalak ekitaldi txikitxo bat antolatu du egun horretarako; 18:30ean hasiko da Goiko Plazan. Bertan azalduko da Bermeoko Udalak 2025eko Euskaraldian izena emateko erabakia hartu duela, eta Euskeraz bizi gura dugunon argazki erraldoia aterako da. Ekitaldia Euskal Herrian Euskaraz abestia kantatzen amaituko da. “Herritar guztiak deitzen ditugu parte hartzera, eta musika tresnarik jotzen baldin baduzu, ekarri! Denok batera abesteko, eta euskaraz gozatzeko”, esan du Bilbaok.
Herriko ikastetxeetan, Lanbide Hastapenean, udal eraikinetan eta udalerriko gune desberdinetan pankartak jarriko dira, euskararen aldeko mezu desberdinekin.
2023an jaiotakoen jaia
Zapatuan 5 urteko umeen jaia egingo bada ere, abenduaren 15erako (domeka), 2023an jaiotakoen jaia antolatu da. Hartara, jaioberri bermeotarrek eta euren familiek goiz pasa polita egingo dute eurentzat prestaturiko jaian; 12:00etan hasiko da, Bermeoko Kafe Antzokian.
2002. urteaz geroztik, Bermeon jaio diren ume guztiei bertso-papera egiten zaie. Oraingoan, 2023an jaio diren 96 umeek eta euren familiek, bertsolariek bereziki egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere jasoko dute. Liburuan jasotzen dira ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia. Bertsoaren azpian, bertsolarien izena aitatzen da, eta bertsoa kantatzeko doinua ere.
Jai hau ere Motx pailazoak girotuko du, bere ikuskizunarekin. Amaieran, familia argazkia aterako da. “Iaz jaiotako umeak eta euren familiak gonbidatuta daude jai berezi honetara. Ez hutsik egin!”, esan du euskara zinegotziak.
“Gogoratu euskara guztion ardura eta eskubidea dela. Beraz, parte hartu antolatu ditugun ekintzetan eta bizi eta gozatu euskaraz”, adierazi du Bermeoko alkateak.
010 (94 617 91 00)